Auzoko festak ospatuko dituzte gaurtik asteazkenera .Txapelpunk eta Etsaiak izango dira asteartean; eta Pilar Egunean 1.000 lagun baino gehiago espero dituzte.
Txefo eta Mariapi, jaietako kamisetekin. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Lanez gainezka dabiltza Martuteneko jai batzordeko kideak. Hamar bat lagun aritzen dira antolaketa lanetan, baina bereziki hiru lagunen artean daramate lan kargarik handiena. Batzordeko bi lagunekin egon da IRUTXULOKO HITZA: Jose Javier Seco
Txefo eta Mariapi Arratibel. «Jendea ez da konturatzen, baina edozein kontu txikik sekulako lana ematen du», dio Txefok. Jaiak gaur bertan hasiko dituzte, eta asteazkeneraino luzatuko dira, Pilar Egunarekin bukatzeko. «Hain ondo, hainbeste gauza eta hainbeste diru sartzearen aldeko apustua egin ostean, jaiek arrakasta izatea espero dugu, maitasun handiz lan egin baitugu», dio Txefok.
Aste hasieran dagoeneko nabari zen giroa Martutenen. Izan ere, jaietarako dirua ateratzeko, kamisetak eta zapiak atera dituzte, eta auzo elkartearen egoitzan jarri dituzte salgai. «Dagoeneko kubritu dugu gastua, eta dirua ateratzen ari gara», dio pozik Txefok. Arratibelek gogorarazi du 2006tik urtero egin dituztela kamisetak, eta 400 inguru ateratzen dituztela. Egitarauaren aldizkaritxoa ere eskuragai jarri dute, borondatearen truke.
Hasiera emateko, Arantzazuko Ama ikastolako haurrak arduratuko dira txupina botatzeaz, 17:30ean, parkean, eta abesti bat eskainiko dute. Gainontzean, egitarauari dagokionean, igandeko mus txapelketa nabarmendu dute, Sorginzulo elkarteak 22 bikote inguru elkartuko baitira, giro ederrean.
Astelehenean atseden hartu ostean, asteartean arratsaldez egingo dute jaia, haur eta gaztetxoentzako tailerrekin. Gauean, kontzertu hirukoitza izango dute, Txapel Punk, Gora Herria eta Etsaiak talde ezagunekin.
Egun handia, asteazkena
Argi dago Sagardo Eguna bihurtu dela Martuteneko jaietako erakargarri nagusia. Asteazkenean izango da, 12:30ean, ikastolako jolastokian. Bertan izango dira sagardo dastaketa, eta bertako produktuen eta artisauen azoka. Aldaba Zarra, Okendotegi, Apaola eta Agirretxe baserrietako produktuak egongo dira salgai, eta sagardotegi hauetako zukua egongo da: Sarasola, Otxua Enea, Bereziartua, Egiluze, Alorrenea, Astarbe, Barkaiztegi, Petritegi, Gartziategi, Lizeaga eta Rezola. «Sagardogileak beraiek sagardoa botatzera etortzen diren jai bakarra gara Donostian; eta hori Kristina Arzallusi esker da», dio Txefok.
Arratibelek datuak eman ditu: «Guztira, 1.200 edalontzi eta 1.300 sagardo botila enkargatu ditugu». Hartara, 1.000 lagun baino gehiago espero dituztela diote. Horretaz gain, 800 txorizo pintxo prestatuko dituzte; eta Intxaurrondoko Zaporeak proiektuari laguntzeko, 600 bakailao pintxo salduko dituzte. Hain zuzen, elkartasun pintxoak izango dira bakailao pintxoak, eta bildutako dirua Greziako Chiosen dauden errefuxiatuei elikagaiak emateko izango da. Zaporeakeko kamisetak ere salgai jarriko dituzte, eta borondatezko diru laguntza txikiak ematea egongo da, eltzetxoen bidez.
Bakailaoa pil-pil erara elkarteen arteko IX. gastronomia txapelketa egingo dute sagardo egunaren bueltan. Zazpi bikotek hartuko dute parte, eta irabazleek txapela eta bi lagunentzako afaria irabaziko dute Barkaiztegin; bigarrenak, bi lagunentzako afaria Ali Oli jatetxean. Arratsaldean, Kutxi Romeroren akustikoaren txanda izango da, 18:00etatik 20:00etara. Ondoren, Iruñeko Motxila 21ek kontzertua eskainiko du. Gogoz daude, Martutenen, aurreko bi urteetan etortzekoak ziren arren, ezbeharren bat izan baitute. «Aurten badatoz!», diote jaietako egitarauan.
Martuteneko jaiak ez dira Aste Nagusia, baina su artifizialak izango dituzte festetako azken egunean, 21:30ean, hirugarren urtez.