'Morir' filmeko sekuentzia batzuk grabatu dituzte Donostian
Film honetan ere hainbat sekuentzia filmatu zituzten Donostian. 61. Donostiako Zinemaldian Epaimahaiaren sari berezia lortu zuen filmak. Marian Álvarez La Herida filmeko protagonistak, Morir filmekoa ere badenak, aktore onenaren zilarrezko maskorra irabazi zuen. Bi Goya sari ere lortu zituen La Herida filmak Zuzendari gazte onenaren saria eta aktore protagonistarik onenaren saria.
Marian Álvarez eta Andrés Gertrudix dira filmeko protagonistak eta IRUTXULOKO HITZAk azken honekin hitz egin du Morir filmeko xehetasunak ezagutzeko.
Zeren inguruan hitz egiten du filmak?
Gaixotasun bat tarteko bikote harreman bat pixkanaka nola hondatzen den erakusten du filmak. Hasieran bikote arrunt bat dira, zoriontsuak, eta filma aurrera joan ahala beraien harremana nola aldatzen joaten den ikusten da.
Bi astez ibili zarete Donostian filmatzen. Non fimatu duzue?
Donostian gehienbat barrualdean grabatu dugu. Uliako etxe batean ibili gara filmaketa lanetan. Azken bi egunetan atera gara kanpoaldera eta azken sekuentzia Amaran grabatu dugu.
Gustatu zaizu hiria?
Ikaragarri gustatzen zait. Madrilekoa naiz baina askotan etortzen naiz, zinemaldira esaterako. Lagun asko ditut hemen eta etxean bezala sentitzen naiz.
Donostian filmatzeaz gain Euskal Herriko beste leku batzuetan ere ibili zarete.
Bai. Besteak beste, Lekeition eta Plentzian ibili gara, eta Donostian bukatutakoan Iruñara joango gara. Ondoren, Madril eta Sevilla.
Noiz estreinatuko duzue?
Hori ez da inoiz jakitzen; badakigu noiz hasiko garen, baina ez noiz bukatuko dugun. Fernando oso zorrotza da eta behar duen denboran bukatuko du.
Aurretik lan egin izan duzu berarekin?
Bai. Orain dela hamabi edo hamahiru urte film labur bat egin genuen elkarrekin, eta gero La heridan ere egin nuen paper txiki bat, lagun handiak gara.
Nolako esperientzia da Morir filmatzea?
Oso aberasgarria. Bizitzako eguneroko gauzez ohartzeko balio izan dit filmak, heriotzara hurbiltzen lagundu dit; bizitzaren inguruan hausnartzen du heriotza oinarri hartuta.
Fernando Franco (Sevilla, 1976) zuzendariak gidatutako Morir filmaren hainbat sekuentzia filmatu dituzte azken bi asteetan Donostian: Uliako etxe batean eta Antxo Jakitunaren etorbidean.
Francok 2013an zuzendu zuen bere lehen filma, La herida.