Duela 152 urte inauguratu zuten Madril-Paris bidaia egiten zuen tren linea, Gipuzkoako hiriburuan jai handia antolatuta; antzezlan bat osatu dute gertaera hura oroituz, eta bihar arratsaldean ikusteko aukera egongo da.
Norteko geltokiaren gaur egungo itxura. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Trena oso ohiko garraio da donostiarrentzat, gaur egun. Ziur, gainera, asko izan direla hirian trena hartu eta Pariserako bidaia egin duten donostiarrak. Izan ere, Norteko geltokian, 13:26an trena hartu, eta 20:38an Montparnassen egoteko aukera dago. Hain zuzen, 152 urte bete dira aurten, Madril-Paris linearen inaugurazioa egin zutenetik. Espainia Europan barneratzeko aukera onena zela pentsatu zuten linearen bultzatzaileek, eta Donostian geltokia izatea garrantzi handikoa izan zen.
Bat-batean, iparraldeko eta hegoaldeko Europaren arteko elkargune bihurtu zen Gipuzkoako hiriburua. Efemeride hori aitzakiatzat hartuta, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren aterkipean, antzezlan berezia eskainiko dute Viktoria Eugenia Antzokian, bihar arratsaldean. Zehazki, antzeztutako hitzaldi bat izango da, eta gogora ekarriko ditu 1864ko gertaerak eta ondorioak.
Linea Donostiatik igarotzea lortzeko, 1857an, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere ordezkaririk onena bidali zuen Parisera, Pereire anaiei babesa emateko, 25 milioi errealekin. Hain justu, Fermin Lasala izan zen ordezkari hori, Mandasko dukea. Diru hari esker, pereiretarrek linearen eraikuntza egitea irabazi zuten, Bilboko aukera alde batera utzita. Horrela, 1858an hasi ziren trenbidea egiteko obrak. Lan gogorrena Aitzgorri eta Goierriko tunelen zatia izan zen; eta, ondorioz, lanak garestitzeaz gain, bi urteko atzeratzea ekarri zuen. Italiako langile adituak ekarri behar izan zituzten, eta diotenez, haiek ekarri zuten akordeoi diatonikoa Euskal Herrira, hemen trikitixa izenarekin zabaldu zena.
Karlistaldien ondorioz, mende erdia igaro zuen Donostiak berreraikitzen. Hiria inguratzen zuten harresiak 1863an bota zituzten, bere itxura izugarri aldatuz, eta kanpora begira jarriz. Hortik hamabost hilabetera, 1864ko abuztuaren 15ean, Donostian egin zuen geldialdia Madrildik Pariserako lehen trenak; garai hartan hiriaren kanpoaldean kokatua zegoen geltokian. Batzuen ahotik kritikatua izan zen tren hura, eta beste batzuen ahotik, goretsia.
Inaugurazio ekitaldian sekulako ospakizuna egin zuten. Guztira, 700 lagun gonbidatu zituzten pereiretarren bi konpainiek, hau da, Espainiako Ferrocarril del Nortek eta Frantziako Midik. Kazetarien artean, Gustavo Adolfo Becquer poeta zegoen, lanean ari baitzen, Madrileko El Contemporaneo egunkarirako.
Donostiara bertaratzeko, bai Madrildik eta bai Paristik atera ziren trenak hartu zituzten, aurreko egunean. Madrildik bi tren irten ziren, bata tren erreala izan zen, eta bertan joan zen Francisco de Asis erregea, Isabel II.aren gizona. Hortik gutxira, hamasei bagoiko tren bat atera zen, gainontzeko gonbidatu guztiekin.
Sada, gonbidatu berezia
Antzezlana bihar eskainiko dute, Viktoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan, 17:30ean, eta ordubete eta 20 minutu inguruko iraupena izango du, gazteleraz eta frantsesez. Sarrera doakoa izango da, baina aurrez gonbidapenak lortu beharko dira, antzokiaren leihatilan bertan, gaur eta bihar.
Agora-Txingudi elkarteak sortu du lana, honakoen laguntzarekin: Biart, Donostiako Festak, Eresbil, Agora-Txingudi eta Les Trois Chemins. Javier Perez de Azpeitia arituko da pianoan, eta Helene Billard Alirol flautarekin. Marie Claude Belin eta Michel Darricau arituko dira narratzaile lanetan. Gainera, gonbidatu berezia gisa egongo da Javier Sada historialari donostiarra.