Xabier Vazquez: 'Futboloovia'
Xabier Vazquez, Realzalea.
Aurreko astean, ligatzeko sakelakorako aplikazio bat tarteko, lagun bat Gasteizen izan zen. Ez, hau ez da neure buruari buruz hitz egiteko «badut lagun bat…» baliabide koldarra. Ezta Etxanizen lagun imaginarioa bezalakoa ere. Laguna benetakoa da, eta gertatua ere bai. Kontua da, ligatzeko asmoz Gasteizeraino joan zela argazkiz eta txatez soilik ezagutzen zuen neskarengana.
Ez bide ziren asko txateatutakoak (nire lagunak zer asmo zuen adierazle ere izango da hori) eta bizkor geratu zen agerian nekez uztartzekoak zirela (erran nahi baita, psikologikoki). Nire laguna futbolzalea da, eta beste neska naturista, des(h)azkundetarra,….eta, noski?, antifutbolzale amorratua. Nire lagunak des(h)azkunde mugimendua zer zen ere ez zekien, eta, antza, neskak horri garrantzia ematen zion, baita futbola (ez) gustatzeari ere.
Gasteiztarraren esanetan, futbola alienantea da eta ez dago prest bere bikotekideak asteroko konpromiso bat izan dezan. Hor zegoen nire lagunaren itxaropen izpi bakarra; izan ere, aste honetan Realak ez zuen partidarik eta beraz nire lagunak astebukaera oso-osorik eman ziezaiokeen gasteiztarrarentzat. Hori izango da futbolik gabeko udazkeneko astebukaera baten onura bakarra, ze bestela aspergarriak baino aspergarriagoak dira.
Noski, neska gasteiztarrak ez luke arazorik izango bere bikotekideak astebukaerero Serge Latouchen hitzaldia, Carlos Taiboren liburu aurkezpena edo Bizi!ren ekintza baleuka. Baina agian pentsatu beharko luke futbola eta beste horiek ez direla hain batera ezinak. Aitzitik, zientoka gaiz eztabaidatzeko eta gustagarriak, miresgarriak inkluso, egiten zaizkidan iritziak botatzeko gai diren futbolzale izugarri daude munduan.
Eta utzidazue haratago joaten. Bateraezinak ez izateaz haratago, esango nuke jende horri mesede egin diola bere grina futbolean asetu izanak. Zuri-beltzak, garaipen beharrak, une batzuetan jendartea baten parte sentitu nahi hori… hobe garrantzia gabeko zerbaitetan hustea eta ez eramatea zure bizitzara, gizartera, politikara, lanera…
Badira, noski, futbolarekin grina horiek asetu beharrean areagotu egiten dituztenak. Baina ziurrenik horiei futbolak ematen dien opioak beste inon bilatuko lukete. Eta agian zer egin okerragoetan. Futbolak zerbitzu sozial bat egiten duela esan nahi al dut? Eskerrak eman behar al dizkiogu? Ez, noski, eta lehenik eta behin mugitzen duen dirua eta eragina mugatu beharko genuke. Baina maiz leporatzen zaizkion gauza askotan neutroa da, zinea Hollywooden edo españoladen errudun bakarra ez den bezala.
Beraz, gonbitea egingo nioke neska horri aukera eman diezaion hurrengoan futbolzale bati. Laguna futbolean duen bitartean realzale prestuak diren Etxaniz edo Malagonen liburuak irakur ditzake, batzuk aipatzearren.
p.d. Zer? Ez, ez, nire lagunari berriz ez, horri eman zion aukera. Bila naza… digo dezala beste bat.
p.d.2. Bai, badakit ziurrenik futbolarena aitzakia izan zela eta beste gauzengatik etorri zela nire laguna Gasteiztik kalabaza handi batekin… baina nik ere aitzakia behar nuen Realik gabeko astean futbologia idazteko.