"Euskalgintzak eraginarazi behar du"
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak antolatuta, euskalgintzaren inguruko jardunaldiak egin dituzte, San Telmo Museoan. Bertan izan dira arlo horretako hainbat eragile eta norbanako, euskalgintzaren erronka berriak zehazteko asmoz.
Hasieran, Joseba Alvarezek eta Lander Arbelaitzek bi hitzaldi eskaini dituzte: bata, euskalgintza beraren XXI. mendeko paradigma berriari buruz mintzatu da; eta besteak, berriz, diskurtso berriak izan ditu hizpide. Arbelaitzen arabera, fase berri batean gaude: “50 urtetik gorako jendeak ezagutu zuen euskara batuaren sorrera, ikastolen mugimenduaren indartzea, euskara zerbitzuak, euskara elkarteak… Baina, egun, 30 urte edo gutxiago duen jendea hori guztiarekin jaio da. Orduan, beharrezkoa da beste klabe batzuetan planteatzea gauzak. Kike Amonarrizek esan zidan bezala, pauso kualitatibo batzuk eman behar ditugu lehenbailehen, jendearen motibazioak atzera egin ez dezan. Hurrengo bi hamarkadak erabakigarriak dira horretarako: Irlandaren eredura jotzen dugu edo Europako hizkuntza normalizatuen bidea hartzen dugu”. Ondoren, euskara erdigune izan duten esperientza batzuetako ordezkariek hartu dute hitza: Euskaraz Bizi Nahi Dugulako, Igeldoko esperientzia, Garajetarrak eta Osakidetza euskaldundu proiektua.
Erronken bila
Amaieran, hitzaldien bitartez jaso dituzten ideia guzti horiekin taldetan jarri dira, eta euskalgintzari begira erronka bat zehaztea eskatu zaio talde bakoitzari. Batzuen iritziz, erronka nagusia euskalgintzaren munduan pertsona aktibo gehiago lortzea da: “Egiten ditugun jarduerak baliatu ditzakegu hori lortzeko, baina horien helburua izan behar du hizkuntzaren erabilera sustatzea. Euskalgintzak eraginarazi behar du”. Horrekin lotuta, beste batzuek diote kontzientzia ezinbestekoa dela: “Euskalgintzak ez du asetzen euskalduntze-prozesuak beharko lukeena. Hortaz, ahalmentze eta jabetze bat beharrezkoa da; erronka hortik dator”. Hirugarren talde baten arabera, hiru dira egin beharrekoak: pertsonak identifikatu, konpromisoak eskatu eta horretan lagundu. “Euskaraz bizi, konszienteak eta aktiboak diren horiek detektatuko genituzke. Jarraian, eskaini eta adostu beteko luketen konprimisoren bat. Eta, azkenik, horiek lortzeko baliabideak ematea: adibidez, formakuntza edo informazioa”.