Pauso bat aurrera emateko
Bagera elkarteak 25 urte egingo ditu datorren abenduan, eta ospakizunez harago, bere burua berrasmatzen eta bere jarduna egungo Donostiara egokitzen dihardu. Testuinguru horretan antolatu genituen pasa den asteburuan egindako jardunaldiak: Izatetik egitera. Guk, nork bestela.
Ibilbide oparoa egin du orain arte elkarteak. Egun, gauden tokian bagaude, duela 25 urte donostiar batzuk EGIN zutelako da. Ausartu ziren orduko beharrari erantzunez abian jartzen Mintzalaguna bezalako egitasmoak, eskatzen euskarazko aisialdiko eskaintza, omendu zituzten euskararen alde ibilitakoak, sortu zituzten antolakundeak eta erabakiguneak egiteko eztabaidak eta abar. Ordutik dihardugu lanean, donostiarrak euskarara hurbiltzen eta aktibatzen.
Baina zein da egungo Donostiako euskalgintzaren egoera eta zeintzuk dira bere erronkak? Argazki orokorra partekatu nahi izan genuen orain arte egindako ibilbidea errekonozituz, batetik, eta egun euskalgintzaren bueltan entzuten ari garen diskurtso berriei tartea eskainiz, bestetik. Izatetik egitera salto ederra egon liteke, baina ez du zertan hala izan. Izan bagera, eta egin, egiten dugu. Egiteko modu berriak berrasmatzeko beharra dugu eta behar horren adibide dira tokian-toki abian jarri diren esperientzia eta praktikak. Adibide horien erakusleiho txiki bat eskaini nahi izan genuen Donostian abiatu diren Garajetarrak, Egian euskaraz bizi nahi dugulako, Osakidetzan euskaraz eta Igeldoko familien arteko hizkuntza ohituretan eragiteko esperientzien bidez. Horien moduko adierazpideek argi erakutsi digute badirela eta sortu daitezkeela egiteko modu asko: euskaldunak aktibatzeko, euskararen erabilera areagotzeko eta euskara ez dutenengana hurbiltzeko.
Gure jarduna euskaraz egiten dugun eragile, talde, elkarte eta kolektibo asko gaude Donostian eta denon indarrak elkartuz, konpromisoak hartuz eta partekatutako erronkak zehaztuz aurrerapausoak izugarriak izan daitezke. Gu EGITEN jarraitzeko prest, beti pauso bat aurrera emateko gogoz, eta zu?
Bagera elkartea