Ander Edo: Kalabaza "amerikanoak"
Astelehen gaua da, lagun taldea tabernako terrazan gaude. Bat-batean gerturatu zaigu mamuz, sorginez eta banpiroz mozorroturiko haur talde bat. “Truco o trato” galdetu digute, eta gutako batek gordeta zituen goxoki batzuk eman dizkio haur taldeari. Haurrek jarraitu dute beraien eskea auzoan barrena, eta hor utzi gaituzte, tertulia ederrean. Segituan lagunetako batek adierazi du bere desadostasuna horrelako tradizio “amerikano”-ekiko. Beste batek erantzun dio, ikusi duela Interneten tradizio hori ez dela amerikanoa, hemen ere Euskal Herrian, ospatzen omen zela antzeko zerbait duela urte batzuk. Mesfidati begiratu dio lagunak, gertatu dena berari oraindik amerikanoen kolonizazioaren beste urrats bat dela iruditzen zaio.
Azaroaren lehena izan dugu aste honetan. Batzuek hildakoak gogoratzeko baliatu dute egutegian gorriz markaturiko data hau, eta hainbat gaztetxok plastikozko kalabazak hartu eta kalera atera dira gozoki eskean. Geroz eta gehiago dira urtetik urtera festa honetan parte hartzen duten gaztetxoak, eta ez dira gutxi ospakizun honen aurrean euren desadostasuna azaltzen duten guraso eta helduak. Azkenaldian ordea, Ahotsak.eus proiektuak eginiko bilduma batek azalera ekarri du antzeko zerbait ospatzen zela Euskal herriko hainbat herrietan duela urte batzuk. Dena den mesfidati jarraitzen dute askok, eta kalabazen festa honi kolonizazio kulturalaren hatsa nabari diote.
Errealitate honen aurrean bi jarreren arteko hautua egin beharko dugu lehenago edo beranduago: edo marmarti gure begien aurrean gertatzen dena kritikatzen geratzen gara, edo ekintzara pasatzen gara eta egoerari buelta ematen diogu.
Euskal herriko hainbat txokotan lanean jarri dira ohitura hau gurera ekarri eta gure kolorea emateko asmoz. Batzuek “Animen gaua” deitzen diote “Gaba baltza” beste batzuek. Guztiek mantentzen dute festa honek oinarrian duen iluntasunaren eta beldurrarekiko irrika hori. Eskearen formatua ere mantendu dute hainbat tokietan, baino gaztelaniazko “truco o trato”- ren ordez euskarazko formulak erabili dituzte, esaterako “ziria edo saria” edo “Xanduli, manduli, kikirriki… eman goxokiak guri!”. Erositako mozorroen aurrean ere badira etxeko trapuekin edota birziklatutako materialen aldeko apustua egin dutenak.
Gustatu ala ez geratzeko etorri da ospakizun hau. Baliatu ditzagun aukera hauek etortzen zaigun hori gurera ekarri eta gure kolorea emateko, bestela beste batzuek egingo dute gure ordez. Gogoratu, dabilen harriari goroldiorik ez.