Etorkinak eta hemengo euskal hiztunak bazkari baten bueltan batuko dituen egitasmoa da ‘Bizilagunak’ proiektua. Helburua, euskaraz bizi ahal izateko sare bat sortzea.
Bizilagunak proiketuaren aurkezpena. (Argazkia: Miren Azkarate)
Bizilagunak proiektua Donostiara iritsiko da aurten, azaroaren 13an. SOS Arrazakeriak antolatzen duen egitasmoa da, eta Donostian Banaiz Bagara Elkartearekin –etorkinei euskaraz irakasteko elkartea– eta Bagera Euskaltzaleen Elkartearekin lankidetzan eramango dute aurrera. Horrela, proiektuak familia atzerritarrak eta euskaldunak bazkari baten inguruan bilduko ditu. Helburu nagusia elkar ezagutzea eta egun horretatik aurrera euskaraz bizitzeko sare bat osatzea da.
IRUTXULOKO HITZA Banaiz Bagara Elkarteko Petra Elserrekin elkartu da proiektuaren berri izateko. Funtsean bi familia edo lagun taldea elkartzea da asmoa; esperientziak trukatu, ezagutu eta guztia euskaraz izatea. Horrela, eremu horretan bezala, xedea da harremanak mantendu eta euskaraz bizi ahal izatea beste testuinguruetan ere. Aipatzekoa da bazkari horietan dinamizatzaile lanak egingo dituen pertsona bat egongo dela. Antolatzaileek espero dute hemengo familien prestutasuna handia izatea.
Etorkinen kasuan, prestutasun hori nabaria izan da Bizilagunak egitasmoaren aurkezpenean bilduta zeudenen artean: Mahendra Thapa Magar (Nepal), Sabrin Mizobe (Brasil) eta Allan Drastnep (Danimarka) adi-adi egon dira Petra Elserren (Alemania) azalpenak entzuten; eta, amaieran, euren jarrera oso baikorra izan da. Oso pozik hartu dute
Bizilagunak egitasmoa, eta beharrezkotzat jo dute horrelakoak egitea, haien hitzetan oso zaila baita behin euskaraz alfabetatu ondoren erabiltzea. Oztopo nagusia erabileran aurkitzen dutela azpimarratu dute behin eta berriro. Horregatik, egitasmo honek sare bat eraikitzeko aukera emango dienez, beraien prestutasuna azaldu dute bazkarietan parte hartzeko, euren helburua euskaraz bizitzea delako.
Hausnarketarako gunea
Bertakoentzat helburu bikoitza du egitasmo honek. Banaiz Bagarako kidearen hitzetan, bertakoak ez gara ohartu ere egiten etorkinek hizkuntza erabiltzean izan ditzaketen arazoez: «Askotan uste dugu euskara ikastea eta integrazioa bat doazela, eta ez da horrela». Bere ustez, ez da bide automatiko bat: «Honek guztiak zer pentsatua eman beharko liguke bertakoei eta, horregatik, hausnarketa bat egitera animatzen ditut». Eta ez hori bakarrik, euskaldunei gure bizitzak eta etxeetako ateak irekitzeko eskatu die.
Banaiz Bagara Elkarteak urteak daramatza egitasmo honetan parte hartzen. Euskal Herrira iristean atzerritarren zubi hizkuntza gaztelera dela azaldu du Petra Elserrek, eta horretaz jabetuta zerbait egin behar zutela ohartu ziren.
Bizilagunak egitasmoa hortik sortu zen. Azaleratu nahi zuten hemen bizi diren etorkin batzuk ere euskaldunak direla. Hemen etorkin batzuek ere euskaraz bizi nahi dutela. Mezu hori transmititu nahi zieten gurera datozen etorkin berriei ere. Egitasmo honekin hasieratik erakutsi nahi izan zutena da badaudela jatorri anitzeko pertsonak euskara ikasi dutenak eta euskaraz harremantzen direnak. Elkarbizitza euskaraz izatea posible dela erakutsi eta aldarrikatu dute.
Ez da
Bizilagunak proiektua egingo duten lehen aldia. Hain zuzen ere, urtero antolatzen du SOS Arrazakeria elkarteak, tokiko beste elkarteen laguntzarekin. Euskal Herriko hainbat txokotan egin izan da; eta, aurten, Donostiaren txanda izan da. Orain arte pertsona askok hartu dute parte, batez ere, Gipuzkoan; eta aurtengoa ere arrakastatsua izatea nahi dute antolatzaileek.
Lankidetza
Bagera Euskaltzaleen Elkarteko Zuriñe Gonzalezek beraien parte hartzea beharrezkotzat jotzen dutela adierazi du. Banaiz Bagara Elkarteak egitasmoaren berri eman zien momentu berean baiezkoa eman zuten bitan pentsatu gabe.
Bizilagunak egitasmoa ezagutzen zuten aurrez ere, SOS Arrazakeriak Bagera eta Elkarteak lehenago ere aniztasunaren gaia landu baitute. Bertako euskaldunek bezala, pauso bat gehiago eman nahi zuten etorkinei adierazteko hemen badagoela jendea euskaraz dakiena, euskaraz bizi dena.
Hasiera baten moduan ikusten dute: «Aurten taldetxo bat sortzea dugu helburu, baina aurrera begira honek ibilbide bat izatea gustatuko litzaiguke».
Donostiar euskaldun guztiak animatzen dituzte parte hartzera.
Bizilagunak proiektu honetan parte hartu nahi duenak Bageraren webgunean, Bagera.eus, eta telefonoaren bitartez egin dezake (943 005 074), baita SOS Arrazakeriaken webgunean ere.