Xabier Vazquez: 'Piztu da piztia'
Aurtengo Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaldiaren ardatzetako bat Japoniako zinema izan da, besteak beste munstro erraldoien pelikulak. Hori tarteko, Godzillari buruzko pelikularen estreinatu zen zikloa. Zinemaldikoek ez dute erabili,baina eskura zuten Kuraia taldearen Piztu da piztia diskoa. Disko honen azalean munstro bat dugu Parte Zaharreko etxeetako teilatueen gainetik eraso egiten dioten guda hegazkinei aurre egiten.
Azken partidetan Reala ondo samar dabilenez, beldurrezko zinemaldia eta Realaren norgehiagokak konparatzeko metafora erabili ezinean nago. Eibar eta San Mamesen erakutsi gisan, maldan gora jarritako uneei erantzuteko gaitasun eskasarekin darrai, baina erdilariek baloia dutenean badu orekarik.Zoritxarrez, zelai erdiko jokalariei baloia iristeko, atzetik atera behar du Realak eta hor da arriskurik handiena. Bestela esanda, txuriurdinek badute Zinemaldiko pelikularik onenak adinako fantasia, baina horra iristeko lehenik eta behin ikara dosia eman behar digute zaleoi. Txarrerako izenak botatzearen oso lagun ez banaiz ere, aitortu behar dut Navasek baloia duenero Zinemaldiko ezein pelikularekin pasa ez dudan beldurrak hartzen nauela.
Gainera, larunbatean datorkigun arerioa espezialista da goiko presioan. Hori gutxi balitz, hara non baloia ateratzeko gure erdiko atzelaririk onena faltan izango dugun. Itxaropenerako oinarriak baditugun arren, beldurrera eramaten gaituztenak ere ez dira falta. Azken horien artean Griezmann. Espainiako kazetariek, hots, Madrilen/rako lan egiten duten kazetariek, CR7ri deitzen diote piztia El bicho, baina niri izu askoz handiagoa sortzen dit Antoinek. Ea larunbatean ez duen piztia frantziarrak sarraskirik egiten gurean.
Halere, kazetari horiexek entzunda, emango luke Griezmannzilla hau Simeonek egin duela handi. Ez, jaunok, Griezzman ez da Atleticon piztu, Championsa eta Mundu Kopa jolastua zen urre prezioan erosi zutenean, eta ordainduak ordaindu, errenta izan zaie erosketa. Jokalari handia izan zen joan zena, eta handia da etorriko dena. Beraz, larunbatean badakite txuri-urdinek zein den erronka: egun batez Griezmann txikitzea.
Post-data: Deskuidoan Indarkeriaren Aurkako Batzordeko batek hau irakurriko balu, txikitu txiki egiteko erabiltzen dut, ez hanka hamaika zatitan puskatzeko, ados? Esker mila, eta jarraitu hitz zatarrak esaten dituzten jarraitzaileak kontrolatzen, ea pertsonak hiltzen dituzten talde biolentoak geratzeko denborarik geratzen zaizuen inoiz. Ez badakizue zertaz ari naizen, begira frentera.