ZIGOR ETA ISUNEI ERANTZUTEKO FESTA, ELKARBIZITZA GEZURRA DA!
Europako Kultur Hiriburua omen den Donostian, Elkarrekin bizitzeko kulturaren urteko azaroak 19an ELKARBIZITZA GEZURRA DA! festa antolatu dugu, Intxaurrondoko Letaman Gaztetxean. Elkarrekin bizitzea batak bestearengandik ikastea da, harremanetan egon eta besteen iritzia ulertzea, nahiz eta ez partekatu… Urtebete baino gehiago da Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek sortutako mozal legea indarrean sartu zela, eta […]
Europako Kultur Hiriburua omen den Donostian, Elkarrekin bizitzeko kulturaren urteko azaroak 19an ELKARBIZITZA GEZURRA DA! festa antolatu dugu, Intxaurrondoko Letaman Gaztetxean.
Elkarrekin bizitzea batak bestearengandik ikastea da, harremanetan egon eta besteen iritzia ulertzea, nahiz eta ez partekatu…
Urtebete baino gehiago da Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek sortutako mozal legea indarrean sartu zela, eta orduz gerotik, haren ondorioak jasaten ari gara. Donostian, esaterako, 7.000 eurotik gorako isunak pilatu ditugu azken hilabeteetan. Besteak beste, kaiaren pribatizazioa salatu eta espazioaren erabilera komunitarioa aldarrikatzeagatik, osasunaren alde eta errauskailuaren aurka egiteagatik, Kortxoenea gaztetxea eta kulturaren autogestioa defendatzeagatik, edo sinpleki eskubide zibil eta politikoak gauzatzeagatik.
Elkarrekin bizitzea zuk eta nik bat egitean sortzen dugun espazioa da ( ) Elkarrekin bizitzea proiektu komunetan murgiltzea da, denon onurarako.
Autoritateak pentsamendu bakarrean ontzen den helburu bakarra du, kultura bakarraren baitan: kapitalaren kulturan irabazia da lehentasuna. Hauxe da Kultura, hitz larritan idatziriko Kultura. Menderatzailea.
Kaleak, esperientziak eta etxeak hustu eta eraisten ditu autoritateak, ez baitu autogestioa atsegin. Autogestioak edozein talde soziali ezartzen zaion autoritate oro ezabatzea bait dakar.
Eta hain zuzen ere, azaroak 19ko festak autogestioa du oinarri, “zuk zeuk egin” filosofia. Norberaren autoritateaz harago, beste inoren autoritaterik gabe, mandazain eta aitaponteko eta babeslerik gabe. Bertan parte hartuko dugun musika taldeok antolatu dugu, Letaman eta DSS2016-DonostiaSalduetaSuntsitu-ko lagunek, eta eguna zein egitaraua zabalik dira osatu eta hobetzeko.
Kolektibo eta taldeek diru irabazi asmorik gabe parte hartzen dugu ekimenean, eta bertan jasoko den etekin oro isun eta zigorrei aurre egitera bideratuko da.
|
Bizikide izatea “besteak” bezala ikusten ditugun pertsona horiekin guztiekin…
Donostiako Zinemaldi Alternatiboa 6 (+2) iragartzeko ere esan genuen: bizikidetza eman dadin premiazko baldintza da libertateak, norbanakoaren libertateak nahiz libertate kolektiboak errespetatzea. Praktikan, ordea, ahulen libertatea murriztuz zabaldu da boteretsuaren libertatea; eta hiriak azalean ditu antagonismoak, ikusi nahi duenarentzat ikusgai zapaldu eta zapaltzaileak. Goikoa eta behekoa. Betiko kontuak…
Elkarrekin bizitzea bata bestearen bizikide izatea da…
2016ko azaroak 2. San Bartolome auzoguneko etxebizitza hustu ondoren, Donostiako udaltzaingoak 27 pertsona etxe gabe utzi ditu. 6 lagun CIE edo Atzerritarrak Barneratzeko Zentro batean atxilo hartu dituzte, eta beste 3 adingabeentzako zentro batera eraman.
Elkarbizitza gezurra da, pertsonaren beharrak aintzat hartu gabe aukera berdintasuna aldarrikatzen duenean. Gezurra da, sozietateko harreman-botereei itsu-mutu-gor egiten dien heinean. Elkarbizitza gezurra da, menderatuen errealitateak ezkutatzeko erabiltzen denean. Eta gezurra delako egiten diogu iseka, irain eta erasoa. Elkarbizitza horretan sinesten ez dugulako. Egiazkoa izango den elkarbizitzaren alde egiteko.
Elkarrekin bizitzea gaitasun bat da; trebetasun bat harmonian espazio fisiko eta mentala partekatzeko, arazoak gainditzeko eta komunitate bat sortzeko. Bizitza komun bat sortzeko proiektua.
Elkarbizitza gezurra da, eta horregatik des-maskaratzen dugu. Mozorroa kendu. Hitza hil. Gezurra hil. Heriotzak galdera berrien aurrean jartzen gaituelako. Eta orduan esanahiak asmatu behar, zaharrak berritu. Hitza aintzat hartzeko. Munduko gauzak oraindik izenda daitezkeela frogatzeko. Mintzaira balioan jarri eta munduko gauzak hobetzeko. Hitza berriro bizi ahal izateko. Eta hitzarekin gu.