SOS M19 plataformak adierazi du arazoa bide judizialetara bideratzea erabaki dutela
SOS M19 plataformako kideak (Argazkia: Miren Azkarate)
SOS Miracruz 19 plataformak prentsaurrekoa eskeini du gaur Donostiako Udalean. Bertan adierazi dutenez, Mirakruz kaleko 19. zenbakiko eraikinaren babesgabetzearen eta suntsiketaren aurkako demanda berri baten izapidetzea onartua izan da. Eraikina desagertzearen arriskuaren aurrean, 7000 sinadura jaso dituztela, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko, Donostiako Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Arartekotzako arduradunekin bildu direla adierazi dute. Hala ere, Andoni Lamarka plataformako kideak adierazi duenez, aipagarriena kalean bertan jaso duten hiritar gehienen suntsiketaren aurkako iritzia eta Groseko eraikin zaharraren aldeko nahi bizia izan da. Honengatik, arazoa bide judizialetara eramatea erabaki dute.
Demanda berri eta nagusia jartzeaz eta onartzeaz gain, Mirakruz 19-ren suntsiketa bertan behera uzteko badaezpadako neurriak eskatu dituztela ohartarazi dute. Funtsean, demanda hau uztailean jarri zenarekin alderatuta sakonagoa dela adierazi dute, “etxea babestu beharreko ondarearen katalogotik kanpo utzi izana eta lizentziak emateko garaian izandako ustezko hutsune administratiboak hartzen dituelako bere gain”.
Aurrera eraman nahi duten proiektu berriak
Adolfo Morales de los Rios arkitekto ezagunak sortu zuen eraikina goitik behera desagertaraziko duela salatu dute eta gogorarazi dute lurraren legeak argi eta garbi dioela eraikigileak bere higiezinarekin nahi duena egiteko duen eskubidearen gainetik hiritarren interes orokorrak daudela. Eta ondorioz, “EHOPB-n (Eraikitako Hiri Ondarearen Plan Berezia) babespean egon beharko luke”.
Era berean salatu dute, “zoritxarrez, babestuta dauden eraikin, atari eta elementuak gutxi” direla Donostian beste hiri batzuekin alderatuz gero. Mirakruz 19 eraikinak, EHOPB-k eskatzen dituen hamaika ezaugarrietatik sei betetzen dituela gogorarazi dute.
Bukatzeko, argi utzi nahi izan dute enpresak ez duela negoziatzeko inolako asmorik erakutsi, “komunikabideren batean baiezkoa irakurri dugun arren, ez da gure artean ez bilerarik, ez negoziaziorik izan” adierazi du Andoni Lamarkak.