17 urterekin hasi zen antzerki munduan, eta ordutik gelditu gabe dabil. Aktore gisa aritu ostean, orain, zuzendari lanak egiten ari da. Horretaz gain, antzerki irakaslea ere bada, Bilboko ikastetxe batean.
Getari Etxegarai. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
I. Mikroantzerki Maratoia antolatu dute Bidebietako Kontadores Zentroak eta El Sekaderok elkarlanean. Bihar egingo dute lehenengo ekitaldia –19:00etan, Kontadoresen–, eta bertan antzeztuko dituzte epaimahai batek hautatutako hiru lan: Telmo eta Haritz taldearen
Bikarrizketa, Rebufo Teatroaren
La extraordinaria historia del niño zombie eta Trino Teatroaren
Maita(k)le borroka. Azken lan horren zuzendaria da Getari Etxegarai (Amara, 1981).
Antzerkigintzan hasi zinenetik, alde batetik bestera zabiltza.
Bai, hala da. 17 urterekin hasi nintzen antzerki munduan; eta, ordutik, gelditu gabe nabil, lan eta lan. Duela gutxira arte, aktore moduan ibili izan naiz beti. Baina, duela hiru urte inguru, zuzendari laguntzaile gisa hasi nintzen, eta, orain, ia denbora gehiena, zuzendari lanetan ematen dut.
Nolatan eman duzu jauzi hori, hau da, aktore izatetik zuzendari izatera?
Egia esan, nahiko naturala izan da. Nahiz eta profesionalki ez nuen inoiz ezer zuzendu, hamabi urte daramatzat antzerki eskolak ematen, eta bertan amateur gisa idatzi izan ditut antzezlanak. Gorputzak eskatzen zidan pauso bat aurrera eman eta zuzentzen hastea.
Amor breve en un acto vandalico lanarekin arrakasta handia izan genuen. Zuzendari lanetan ibili nintzen, eta Alex Angulo saria jaso genuen. Poz horrekin jarraitu nuen zuzentzen. Gai nintzela ikusi nuen, eta horrek bultzatu ninduen bereziki.
Eta antzerki irakasle gisa, zer moduz moldatzen zara?
Oso ondo. Bilboko ikastetxe batean nago, eskolaz kanpoko jarduera bat da, bazkalondoren eskaintzen dudana. Izugarrizko arrakasta du: ehun ume inguru ditut; eta, egunero, hiru orduko eskolak ematen ditut. Gainera, haurrak ez ezik, hirugarren urtez jarraian, gurasoak ere ari dira antzerkia egiten, arratsaldetan.
Antzerki munduan bizirauteko modu bat da, ezta?
Bai. Antzerki irakaskuntza askatu nahi ez dudan zerbait da. Gure lanarekin oso zaila da antzerkigintzaz bizitzea. Pixka bat erosoago bizi eta aurrera egin nahi baduzu, aldi berean beste lan bat izan behar duzu.
Nolakoa da Getari Etxegarairen egun bat?
Normalean, eskolara sartu aurretik, entseguak izaten ditut, momentu bakoitzean suertatzen dena. Bestela, goizetan, idazten egoten naiz: eskolako zein bestelako obrak. Ikastetxean eskolak eman ondoren, arratsaldeetan ere entseguak izaten ditut. Eta, noski, ama ere banaiz!
Bihar aurkeztuko duzue Maita(k)le borroka, Kontadoresek eta El Sekaderok antolatutako I. Mikroantzerki Maratoiaren barruan. Nola hartu zenuten albistea?
Lan hau duela bi urte zuzendu nuen. Zuzendari gisa idatzi dudan lehen lana da. Mikroantzerki Maratoiaren deialdia ikusi nuenean, antzerki taldekoei abisatu nien. Hautatuak izan ginela esan zigutenean, oso pozik hartu genuen. Gainera, Donostian! Duela hamabost urte etorri nintzen Bilbora bizitzera, eta nire hirira bueltatzea oso pozgarria da. Gainera, Donostian antzerki bat aurkeztea ez da erraza. Ea lagunak animatzen diren!
Zer ikusiko dute Kontadoresera joaten direnek?
Barre egiteko gogoarekin joan behar dira. Kritika sozial txiki bat da, baina ez dut gehiago esango. Sortu genuenean kaleko antzerki gisa egin genuen, eta gero moldatu behar izan dugu areto barruan egiteko. Formato ezberdina da, dibertigarria eta edonorentzako aproposa.
Jendea animatu dadila! Eta ez maratoira bakarrik, antzerki eta antzoki guztietara ere bai. Jende asko ez da joaten; beraz, ea apurtzen dugun antzerkigintzaren inguruan dagoen mamu edo dena delako hori!
Nola ikusten duzu mikroantzerkiaren diziplina berria?
Nahiko berria da, baina Donostian gero eta gehiago entzuten ari da mikroantzerkiaren kontua, eta gauza asko antolatzen ari dira horren inguruan. Tabakaleran dagoen El Sekadero eta I. Mikroantzerki Maratoia dira horren adibiderik argienak. Bilbon, Pabilioi 6 izeneko gune batean hasi zen, duela hiru urte inguru.
Zer da zehazki Pabilioi 6?
Jende multzo batek sortutako areto independentea da. Ez dugu dirurik jasotzen, eta guk egiten eta kudeatzen dugu dena. Proposamen ugari daude, eta horien artean dago mikroantzerkia. Guretzako hor hasi zen dena. Aktore zein zuzendariei aukera pila bat ematen dizkigu. Esaterako, antzerki konpainia batean ez bazaude, Pabilioi 6 gunean beti dago aukera zerbait egiteko. Beti daude prest zu entzuteko eta zure lana ezagutzera emateko.
Zein desberdintasun daude mikroantzerkiaren eta antzerkiaren artean?
Aktore eta zuzendari gisa bizi izan ditut bi esperientziak, eta, orokorrean, esan daiteke mikroantzerkiak laburragoak eta sinpleagoak direla. Errazagoa da sortzea, baita jantziteria eta eszenografia antolatzea ere. Azkenean, ez duzu hainbeste dirurik behar, eta edonon egin daiteke. Aukera ugari eskaintzen ditu mikroantzerkiak. Gainera, lanez larri baldin bazabiltza, aukera oso ona da zerbait izateko.
Egun, antzerkigintzaren egoera nola ikusten duzu?
Nahiko zaila. Asko gara, proposamen izugarri onak eta pila bat daude, eta denak oso interesgarriak. Beraz, lehia handia da. Gustatuko litzaidake laguntasuna esatea, baina, tamalez, lehia dago, eta ez da erraza.
Diru laguntzen munduan ere liskar handiak daude, beti berdinek jasotzen dituztelako, eta talde txikiak, askotan, laguntzetatik kanpo geratzen garelako. Egoera zaila da.
Zer asmo dituzu epe motzean?
Oraintxe bertan, umeentzako antzerki labur bat idatzi dut, eta Gabonetan estreinatuko dut, Pabilioi 6 gunean. Umeentzako den mikroantzerkia gero eta arrakastatsuagoa da, eta horretan gabiltza orain, entseatzen. Loraldia jaialdirako ere badut beste eskaintza bat. Bestalde, diru laguntza bat eskatu genuen Lope de Vegaren emakumeen inguruko antzezlan bat prestatzeko, eta eman digute. Beraz, lan eta lan gabiltza!