Emakumezkoen Egia Eskubaloi Taldeko Naia Mujika eta Ekiñe Aranberrik kirol honekiko duten maitasuna, motibazioa eta indarra erakutsi dute.
Emakumezkoen Egiako Eskubaloi taldea. (Agazkia: Egiako Eskubaloi Taldea)
Emakumezkoek 2007tik dute beraien tokitxoa Egiako eskubaloi taldeen artean. Poliki-poliki eta urtez urte kategoria ezberdinetan sortu dituzte taldeak, eta egun, hainbat kategoriatan daude. Oinarria jorratzeko lan handia egin duen kluba da. Taldea auzora zabaldu, eta auzo zein inguruetako gazte ugari eskubaloira eta auzora bertara erakarri dituelarik.
Irutxuloko hitza gaur egungo bi jokalarirekin aritu da hizketan. Egiako kiroldegi kanpoan elkartu gara eta, nahiz eta hasieran lotsatuta egon, eskubaloiaz hitz egiten hasi bezain laster irribarrea, ilusioa eta indarra erakutsi dute biek.
Euren buruen aurkezpen txiki bat egiteko eskatu diegu, eta bi jokalarietatik Naia Mujika animatu da lehendabizi. 25 urteko donostiarrak 8 urte zituenetik jokatzen du eskubaloian, eta iaz etorri zen Egia Eskubaloi taldera. Aurrez, Groseko taldean eta Bera Bera taldeetan jokatu zuen. Garai batean, Egia eta Bera Berak talde bakarra osatzen zutenean ezagutu zuen Egiako Eskubaloi Taldea.
Ekiñe Aranbarrik hartu du hitza ondoren. Egiako 21 urteko gaztea ikastolan hasi zen eskubaloian. Infantil mailara iristean hasi zen auzoko taldean jokatzen. Geroztik, bertan dabil.
Umetatik jokatzen dute eta kirol honekiko pasioa nabaritzen zaie. Gaur egun, astean hirutan dituzte entrenamenduak, astean bitan gaueko 21:00etatik 22:00etara, eta astean behin, 20:00etatik 21:00etara. Ordu horietan entrenatzea ez dela gogorra dio Mujikak, betidanik dagoela ohituta horrelako ordutegietara. «Gainera, egunerokotik deskonektatzeko modu bat da» dio 25 urteko gazteak. Aranberriren hitzetan, «motibazioa hain da handia, ez dela zaila ordu horretan entrenatzera joatea».
Giro ona, emaitzak onak
Badute beste arrazoi bat entrenatzera joateko: nahiz eta berandu bukatu, pote bat hartzera joaten dira taldekide guztiak.
Oso giro ona dute taldekide guztien artean. 18 urte eta 28 urte bitarteko neskak daude, gehienak donostiarrak, eta asko, Egiakoak. «Garai batean bazeuden beste hainbat herritako neskak ere, Donostian ikasten zutenak edo lan egiten zutenak, baina orain donostiarrak bakarrik gaude», azaldu du Naia Mujikak.
Adinean ezberdintasunak daude, eta baita jokalarien profiletan ere, horrela « badaude aurten hasi berriak direnak, aspaldian jokatzen zutenak gero utzi eta berriro hasi direnak eta baita urteak daramatzatenak ere», dio Aranberrik.
Iazko denboraldian jende berri asko izan zutela gogoratu dute, eta horrek hasieran kolokan ibiltzera behartu zituen arren, denboraldian aurrera egin ahala, gero eta emaitza hobeak izan zituzten. «Oso pozik gaude egindakoarekin», dio Ekiñe Aranberrik begirada hortzimugan duela.
Aurtengo denboraldia ere ongi hasi dute. Oso gustura daude eta oso motibatuak. Mujikak azaldu duenez, aurten Ligan aldaketa batzuk egin dituzte: «orain arte, talde guztiak Liga berdin bat jokatzen genuen». 2016-2017 denboraldi honetan, aldiz, bi talde egin dituzte lehengo urteko sailkapena oinarri hartuta: «Gu juxtu beheko zatian geratu gara». Eta ziurtasun osoz gaineratu du, «argi daukagu beheko zatiko txapeldunak izango garela». Nahiz eta segundo bat bera ez den igaro barre artean, hori ez jartzeko eskatu duenean. Aranberrik oraingoz ondo doazela eta emaitza onak lortuko dituzten esperantza du.
Auzotarrekin errazago
Ez dira bakarrik sentitzen partidatan, batez ere etxean jokatzen dituztenetan. Jarraitzaile gehienak Egiako kiroldegira eta gertu diren partidetara gerturatzen dira gehienbat. Gainontzekoetara, Bizkaiara eta Arabara nekez joaten dira jarraitzaileak. «Lehengoan, adibidez, Gasteizen jokatu genuen partidara jarraitzaile bat etorri zen gurekin», dio Mujikak. Ordutegiak ere asko baldintzatzen omen du jarraitzaileak mugitu daitezen.
Asteburu batean etxean eta hurrengoan kanpoan jokatzen dute eta, aipatu bezala, EAEn zehar mugitu behar dute norgehiagokak jokatzeko. Horretarako, taldekideen autoak erabiltzen dituzte. Aranberrik horrela azaldu du: «Lehenengo partidara zenbat jokalari goazen kontatzen dugu, zenbat auto behar ditugun kalkulatu, eta horren arabera hasten gara dena antolatzen. Saiatzen gara gure artean txandakatzen».
Egian eskubaloiak etorkizun oso oparoa du Naia Mujikaren ustez: «Juxtu Egian beti egon da ohitura handia eskubaloian aritzeko, gaur egun ume pila bat daude apuntatuta. Baina egia da azken urteetan beste eskoletara asko zabaltzen ari den kirol bat dela, saskibaloiari eta futbolari leku pixka bat kentzen ari da».
Kirol talde bat baino gehiago direla aipatzen amaitu dute elkarrizketatxoa. «Egiako eskubaloi talea ez da soilik hori. Auzoko egitasmoen partaide den eskubaloi talde bat gara: Porrontxoak, Garagardo Azoka, Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugu…»
Biek argi dute eskubaloian jokatzen jarraituko dutela. Oso motibatuta daude, eta pasioz bizi dute kirol hau. Emakume guztiak animatzen dituzte euren taldean izena ematera: «Oso talde majoa gara! Denak dira ongi etorriak!».