Markel Ormazabal: 'Pentagrama alanbre arantzaduna denean'
Guillem Martinez kazetariak erabili zuen lehen aldiz CT (Cultura de la Transicion) kontzeptua, 1975az gerora Espainiar estatuko kultura hegemonikoaren izendatzeko. Eta izen bereko saiakera kolektiboan, hain zuzen ere aipatu kazetariak sinatu atalean aurkitu dut ondorengo bitxikeria.
“Sistema demokratiko batean ez ditu legeak zedarritzen adierazpen askatasunaren mugak, kulturak baizik”, dio kazetariak. Adierazpen askatasunaren mugak muga kulturalak dira. Eta Mozarten aipu batera egiten du jauzia. Barroteen artean soilik aurkitzen da askatasuna, esan omen zuen musikari eta konposatzaileak. Pentagrama osatzen duten barroteetan, bere musika/askatasuna formulatzen zuen jarraibide horretan, alegia. Bada, Kultur Hiriburutzaren ingurumarian jaso diren azken gertakariak jarraitzea, kulturaren pentagrama ikustea bezalakoa izan da. Pentagrama eta mugak, noski.
Amador Fernandez-Savaterrek honela ezaugarritu du CT delakoa aipatu liburuan: izatez “kontsentsuzko” edo “adostasunezko” kultura da, baina ez ezadostasunetatik adostasunetara elkarrizketaren bidez heltzearen zentzuan, hitz egiten hasi aurretik posiblea dena zedarritzen duelako: merkatu-demokrazia da bizikidetza eta komunaren antolaketarako onartua den eskenatoki bakarra, eta fini; des-problematizatzen duen kultura da, onartua denaz harago ezin baita bizitza komuna antolatzeko ereduez galdegin; eta azkenik, des-politizatu egiten duen kultura da, politikak, izan ere, elkar egoteko moduen gainean galderak egitean datza.
Egitasmoen programatzaile eta arduradunak saiatu dira kultur eredu askoren proiektuak egon daitezen: “Ereduetara mugatzea zaila da, hemen lan egiteko molde asko ez direlako kultur eredu hegemonikoarenak, baizik bestelakoak” (Xabier Paya). Eta saiakerek emaitzak ere eman dituzte. Baina azken asteotan bizikidetza esaten dugun hori uste genuena baino txiki eta estuagoa bilakatu digute. Mugak eta iragan ezin diren lerroak gure oinetatik uste baino gertuago daude, edo zuzenean eta berriro ere, donostiar askotxo ez gara bizikidetza horren parte. Horixe du zentsurak, agerian uzten duela arauen herstura, eta pentagramaren laburra. Alanbre arantzaduna. Nota askorik barne-biltzen uzten ez duena. Ikusteko dago hiriburutza urtea amaituta hastear dugun garaitik nola eta zer oroituko dugun iragandakoaz, baina azken gertakariek fabore exkaxa egin diote proiektuaren jendaurreko asmoei.