Irutxuloko Hitzak eta Hamaika Telebistak Donostiako Protokoloaren berri emango dute elkarlanean
Abenduaren 17an egingo dute Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, Kursaalen.
Abenduaren 17an Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, Donostiako protokoloa, aurkeztuko dute Kursaalen. Bertan izango dira IRUTXULOKO HITZAko eta Hamaika Telebistako langileak, ekitaldia bertatik bertara jarraitu eta horren berri emateko.
Europako hainbat gizarte eragilek azken urtean zehar egindako lanaren emaitza izango da Protokoloa. Izan ere, Bartzelonako Deklarazioa bultzatu eta sortu zenean markatutako ereduari jarraituz, gizarte eragileen protagonismoa izan da nagusi Protokoloaren osaketan. Kontseiluak Donostia 2016ren babesarekin sustatutako egitasmoa izan da.
Kontseiluak, Donostia 2016k eta Protokoloa osatzeko ardura izan duen Batzorde Antolatzaileak abenduaren 17an Donostiako Kursaal jauregian egingo den ekitaldian parte hartzeko deia egin die euskaltzale guztiei.
Europako hizkuntza gutxituen garapenerako tresna ezinbesteko izateko sortu den Protokoloari ongi etorria emateko aukera paregabea izango da.