Ander Edo: 'Esna edo lo'
Loretopetik hilean behin idazteko enkargua jaso nuenetik antena piztuta ibili naiz zuentzako interesgarriak izan daitezkeen iritzi edo gogoetak biltzeko asmoz. Hortaz artikulu hauek nire izena badute ere, jende gehiagorenak direla aitortu behar dut. Handik eta hemendik hartzen ditut idatzi hauek osatzeko ideiak eta horrela egingo dut ere aurten idatziko dudan azken honetan.
Pasa den urrian zendu zen Jose Migel Mendiburu Martuteneko auzotarra. Auzoan oso ezaguna eta maitatua zen eta lan asko egin zuen Martuteneren alde. Nik ez nuen pertsonalki ezagutzeko aukera izan baino bai ordea, berak esandako hitz batzuk gogoratzen ditut biziki. Hiriko ahotsak proiektuaren baitan egindako grabaketa batean entzun nuen gaur, zuekin partekatu nahi dudan gogoeta hau:
Martutenen esaten da, auzo hau “dormitorio” dela. Shhh ojo! Ni hemen jaioa naiz eta ez dizut onartuko hori esatea. “Dormitorio” zuretzat izango da. Baino hemen bakoitzak bere aukera egin behar du. Lo egon nahi duzu edo esna. Baino aukeratu ezazu, ez nahastu gauzak. Hemengoak garenoi min handia ematen digu horrek. Etorri eta esan hau edo bestea egiten ari zarela, baino hemen alperkeritan eta besteoi bertsoak botatzen. Ez, ez, bide txarretik zoaz…
Hitz gutxitan laburbildu zituen Mendiburuk auzoen alde, han eta hemen lanean ari direnen sentimendua. Zenbatetan entzun behar izan dugu periferiako auzoei buruz hitz egiten denean hauek “lotarako” auzoak direla? Zenbatetan entzun ditugu kexa hutsean geratzen direnen protesta amaigabeak? Lo edo esna egotearen gaitasuna pertsonena da, eta pertsonek erabaki behar dute euren inguru hurbilarekiko zer nolako jarrera hartu nahi duten. Jose Migelek bere aukera egin zuen. Guri dagokigu orain lekukoa hartu eta kantuan, jolasean, solasean… ozen hastea, lo geratu diren horiek esnatu daitezen, guztiok “esna” auzo biziak eraiki ditzagun.