Altzaren historia jaso dute liburu arin batean
Altzako Historia Mintegiak eta Mattin marrazkilariak osatu dute argitalpena.
Altzatarrek izan duten bilakaera ezagutarazteko lanean, 30 urte bete ditu Altzako Historia Mintegiak (AHM). Urteurrenaren harira, liburu arin bat argitaratu dute: Altza denboraren joan-etorrian. “Gure herriaren historia irudidun baten argitalpena da; orain arte Altzaren historiari buruz ikasi dugun guztia laburbildu eta irudikatu dugu”. AHM izan da proiektuaren bultzatzailea, eta elkartearekin elkarlanean aritu da Mattin marrazkilaria: “Testuak irudi bilakatu ditu, hitzak formaz eta kolorez jantziz”. Larratxo kultur etxean aurkeztuko dute lana, ostiralean, 19:00etan: “Aurkezpen berezia izatea nahi dugu, eta ahalegin guztia egiten ari gara hala izan dadin”. Gainera, ohiturari jarraituz, datorren urteko egutegia banatuko dute aurkezpenean.
Hamabi orri marrazkidun dira liburuaren ardatz nagusia, eta eremuak izandako aldaketak erakusten ditu. Garai historikoaren testuingurura hurbiltzen laguntzeko, orri bakoitzak euskarazko testu labur bat darama ondoan. “Argitalpen xumea da, ume, gazte eta helduengana iritsi nahi duena”, diote egileek.
Argitalpenean, orri bakoitzari loturiko QR kode bat sartu dute. Horrela, argitalpen osoaren edukiak gaztelaniaz ere irakur daitezke, eta, modu berean, garai bakoitzari dagokion bibliografia osagarria kontsulta daiteke.
Altza denboraren joan-etorrian salgai egongo da, 10 euroren truke. Bildutako dirua argitalpenaren gastuak kitatzeko erabiliko dute. Doan ere lor daiteke liburua, PDF formatuan. Honako lekuetan eskuratu daiteke liburua: Altza.net, Altza ikastetxea, Herrera ikastetxea, Oleta ikastetxea eta Herri Ametsa ikastola.