Euskararen aldeko pauso sendoak eman nahi dituzte Intxaurrondon
Abenduaren 15ean, 19:00etan, bilera egingo dute Intxaurrondoko Bernart Etxepare plazan, Plazara Goaz-en elkartean. Euskaldun, euskaltzale eta hizkuntza berdintasunaren alde dauden guztiak gonbidatu dituzte.
Euskararen eguneko ekitaldian azaldu zuten bezala, Intxaurrondon pauso bat aurrera eman nahi dute, eta erronka bati heldu nahi diote. Euskararen alde agertzetik, urrats praktiko eta sendoak ematera pasa nahi dute, erabilera sustatzeko.
Herritarrak aktibatu nahi dituzte, eta euskaraz lasai egiteko aukerak sortu nahi dituzte. Bilera honetan auzoko hainbat eragile elkartuko dira, ideiak bildu eta abian jartzeko. Forma hartzen hasi den ideietako bat da euskararen maratoiarena. 2017ko apirilean Korrika abiatuko da, eta auzoan 20 orduko maratoi bat egin nahi dute.
Gainera, hurrengo urtean Plazara Goaz elkartearen 20. urteurrena izango da. Aitzakia ona Intxaurrondo 20 orduz ekitaldiz bete eta euskaraz aritzeko. “Pauso bat, bi, hiru,… milaka urrats egiteko ordua da. Euskaraz bizi nahi dugunok eta euskaraz jakin ez arren gizarte euskaldunago bat desio dutenak, bakoitzak bere tokitik, euskararen herria edukiz betez, ekarpena egiteko ordua da. Horretaz hitz egiteko deia dugu hau”, adierazi dute Plazara Goaz-etik.