Euskaltzaindiak eta Donostia 2016k antolatuta, hiria eta Europako hizkuntzen perspektiba sozio-historikoa aztertuko dute asteartean. Hizlarietako bat izango da Lionel Joly ikertzailea.
Lionel Joly ikertzailea. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostiako egoera soziolinguistikoa testuinguru historiko batean kokatzeko beharra ikusten zuen Euskaltzaindiak. «Hiria Europako beste hizkuntzez inguratuta dago, eta nolabaiteko nazioarteko izaera du. Pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela eta bat zetorrela Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren helburuekin; horregatik, elkarlanean aritzeko proposamena luzatu genien», azaldu du Euskaltzaindiko Euskararen Historia Soziala egitasmoko ikertzaileak.
Proiektua onartu eta lanean jarri ziren buru-belarri. Iaz, hizkuntzen, eta, bereziki, euskararen historia sozialaren eredu metodologikoa prestatu zuten, eta liburu batean argitaratu zuten egindako lana. Orain, teoria hori guztia praktikan jarriko dute, Donostia eta Europako hizkuntzen perspektiba sozio-historikoa jardunaldien bitartez. Asteartean izango dira –hilak 20–, 9:30etik aurrera, Luis Villasante Euskararen ikerguneko Tolare baserrian (Almortza bidea, 6). Parte hartu nahi duenak izena eman dezake info@euskaltzaindia.eus posta elektronikora idatzita edo 94 415 81 55 telefono zenbakira deituta.
Azken 250 urteak
Jardunaldietan, besteak beste, Mikel Zalbidek eta Jolyk Donostiako bilakaera soziolinguistikoaren azken 250 urteak izango dituzte hizpide.
Jolyren arabera, egin duten ikerketa ondo ulertzeko, ezinbestekoa da gizartea nola aldatu den kontuan hartzea: «XVIII. mendean, 10.001 biztanle zeuden (5.000, harresiaren barruan bizi ziren, eta beste 5.000, kanpoan). Gaur egun, berriz, 180.000 biztanle inguru ditu Donostiak».
Horretaz gain, gizartearen konplexutasuna aintzat hartu behar dela dio Jolyk: «Gizartearen egitura bera ere aldatu da. Lehen, piramidala eta finkoagoa zen, eta harremanak bereziki ahoz egiten ziren, jende kopuru mugatu batekin (lagunak, familia… inguruan zegoen jendea). Beraz, harreman gutxi jende gutxirekin».
Egun, alderantzizkoa da egoera, harreman asko sortzen dira, jende desberdinarekin eta baita maila sozial desberdinekin ere. Gainera, «nahiz eta ahozkoak nagusi izaten jarraitzen duen, idatzizkoak toki handia hartu du».
Hortaz, bi gizarte eta bi egoera oso desberdinak direla nabarmendu du ikertzaileak. Esate baterako, XVIII. mendean, bereizketa handia zegoen harresiz barru eta kanpo bizi zirenen artean: «Kanpoko biztanleria elebakarra zen, euskaraz zekien bakarrik. Harresiz barrukoan, aldiz, denetarik zegoen: euskal elebakarrak, euskal elebidunak, erdal elebakarrak eta erdal elebidunak».
Gainera, kanpoko hizkuntzek ere presentzia zuten; frantsesak eta gaskoiak, bereziki.
Orain, hiztun taldeak aldatu egin dira: «Euskal elebakarrik ez dago, erdal elebakarrak talde txiki bat izatetik talde handiago bat izatera pasa dira. Euskal eta erdal elebidunak dira tartean daudenak, baina bien artean nagusitasuna dute».
Bestalde, XVIII. mendean, soldaduak bizi ziren hirian, eta donostiarren etxeetan egiten zuten lo. «Testigantzak daude, eta, horien arabera, hizkuntza asko zeuden hirian».
Hala, zertan egin du euskarak aurrera eta zertan atzera Donostian? Jolyk adierazi du ondorio argiena dela hezkuntzan eta beste eremu formal batzuetan euskarak lehen ez zuen lekua lortu duela. Eta zenbait alorretan gehiago erabiltzen dela hizkuntza: administrazioan, esaterako.
Gainera, aipatu du euskararen sarrera masiboa dagoela idatzian: «Lehen erabat erdalduna zen; idatzia zen erdararen mundua. Euskaldunak zirenak erdaraz idazten zuten –idazten baldin bazekiten–. Baina, orain, jendeak aukera du euskaraz irakurri eta idazteko».
«Aurrera egin du ere jarreraren aldetik; balio erantsi bat ematen zaio euskarari. Ez dago hain gaizki ikusia. Garai horretan, ez zuten baloratzen, hitz egiten zen eta kitto», azpimarratu du ikertzaileak.
Halere, euskaran atzerapauso batzuk ere eman direla azaldu du: «Erabat euskalduna zen eremu bat elebidun bilakatu da. Eta oso gertukoak diren esparruetan –familian, etxean, lagunartean…– euskaraz mintzatzeko ohitura galdu dugu».
EGITARAUA
- 9:30-9:45. Agurra.
- 9:45-10:20. Kultura, historia, hizkuntza: loturak eta azterketarako metodologiak. Lionel Joly, Euskararen Historia Soziala egitasmoko ikertzailea.
- 10:20-11:00. Europako hizkuntzak Donostiako historian. Mikel Zalbide, Euskararen Historia Soziala egitasmoko zuzendaria.
- 11:00-11:30. Donostiako egoera soziolinguistikoa XVIII. mendean. Juan Madariaga, Historialaria eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea.
- 11:30-12:00. Atsedena eta kaferako tartea.
- 12:00-12:30. Donostiako egoera soziolinguistikoa egungo egunean. Olatz Altuna eta Maialen Iñarra, Soziolinguistika Klusterra.
- 12:30-13:15. Donostiako bilakaera soziolinguistikoa azken 250 urteetan. Mikel Zalbide, Euskararen Historia Soziala egitasmoko zuzendaria. Lionel Joly.
- 13:15-13:30. Galde-erantzunak eta iradokizunak.
- 13:30. Azken hitzak.