Txaloartean eta hunkituta aurkeztu dute Donostiako Protokoloa
Liburuak 185 neurri zehatz jasotzen ditu, eta hizkuntza aniztasuna babestea du helburu.
Hilabeteetako lanaren ostean, iritsi da eguna; aurkeztu dute Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Guztira, 185 neurri zehatz jasotzen ditu liburuak, eta hizkuntza aniztasuna babestea du helburu, bakea lortze aldera. Azken batean, hizkuntzen arteko berdintasuna da protokoloaren nahia, eta hori horrela izateko bete beharreko politikak zehaztu dituzte. Kursaalen izan da aurkezpena, ehundaka euskaltzale eta beste hainbat hizkuntza txikietako ordezkarien partehartzearekin; asko hunkituta agertu diren heinean, txaloak jaso dituzte ordainetan.
Donostia 2016ko Kultur hiriburutzak utziko duen ondare nagusietakoa da protokoloa. Hain zuzen, Donostia 2016 eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua izan dira protokoloaren bultzatzaileak, eta oinarri izan du Bartzelonan 1996an onartutako Adierazpena.
Xabi Paya Donostia 2016ko Kultur zuzendariak protokoloaren balioa nabarmendu du. Eskertu egin du egindako lana, eta aurrera begira, protokoloa abian jarri ahal izateko bidea eskatu du. Paul Bilbao Kontseiluko idazkaria izan da hitza hartu duen beste kide bat, eta hunkituta eta urduri agertu da oholtzara: “Zerbait handia egin dugu, inoiz Europan hizkuntzaren alde lan egiten dugun eragileok egindako ariketarik erraldoiena”.
Protokoloak balioa izan dezan, guztion konpromisoa beharrezkoa izango da. Helburua ez baitzen eskubide zerrenda soil bat sortzea, horiek horrela bete daitezen lan egitea baizik.
IRUTXULOKO HITZAk eta HAMAIKA TELEBISTAk elkarlanean eman dute protokoloaren aurkezpenaren berri. Bideo batean jaso dituzte ekitaldian zehar jasotako iritziak eta balorazioak. Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteko Idoia Trenor eta Dani Goñi, Kontseiluko Paul Bilbao, Donostia 2016ko Xabi Paya eta Asier Basurto, Joan Mari Torrealdai, Behatokiko Garbiñe Petriarti, Berriako zuzendari Martxelo Otamendi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mikel Irizar elkarrizketatu dituzte, besteak beste.