Altzako Historia Mintegiak 30 urte bete ditu, eta orain arte egin duten lanarekin ezin harroago daude bertako kideak. Aurrera begira, zer nolako Altza nahi duten pentsatzen ari dira.
Iñigo Landa, Antxon Alfaro eta Jon Serrano, Altzako Tokiko Bilduma duten gelan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Altzako Historia Mintegiak 30 urte bete ditu 2016an. Lagunartean sortu zuten, 1986ko ekainean, eta pixkanaka bere bidea egin du, herritarren laguntzari esker, bereziki. Guztira, 200 bazkide baino gehiago dituzten arren, taldearen muina zortzi lagun inguruk osatzen dute, eta horietako hirurekin egon da IRUTXULOKO HITZA: Iñigo Landa, Antxon Alfaro eta Jon Serranorekin.
Elkartea sortu zuten garaian, Casares kultur etxearen ibilbidea abiatu zen, Donostiako lehena. Ordurako lanean hasiak ziren hainbat bizilagun, Altzako historia biltzen, eta tartean ziren Landa eta Alfaro. Eraikinean lan egin ahal izatea, ordea, bultzada garrantzitsua izan zen.
Comision de antecedentes historicos izan zen taldeak hartu zuen lehen izena, eta horrela zioen altzatarrei egin zieten lehen deiak, elkarteetara bidalitako eskutitz batekin: «Helburu nagusia da altzatarren nortasuna osatzen duten bereizgarriak biltzen, bilatzen eta osatzen saiatuko litzatekeen batzordea osatzea. Bereizgarri horiek material historiko, etnografiko eta geografikoen bitartez aurki ditzakegu, eta altzatarrek geure burua egun eta historian berriz ezagutzen lagunduko diguna».
«Hasieran, bagenekien bildu nahi genituela argazkiak, dokumentuak, eta albisteak; eta jendea erakarri behar genuela», dio Landak. Horrela, lehen kultur astea antolatu genuen, hitzaldiekin eta erakusketa batekin. «Hasi ginenean, ez genuen uste halako altxorra topatuko genuenik. Urteak pasa eta oraindik aho bete hortz geratzen gara askotan; bilaketa lanak poz handiak ematen dizkigu», dio Landak.
Mintegikoek diotenez, hogeita hamar urte geroago, indar berarekin, 1986ko lehen bilera hartan markatutako helburuak lortzeko lan egiten jarraitzen dute. Helburutzat dute Altza herria izan zela gogora ekartzea, Donostiak hartu zuela eta hirigintza egoera «nahiko kaotikoa» sortu duela. Altzaren historia eta ezagutza zabaldu nahi dute, eta konpromisoa hartu nahi dute geroko Altzarekin ere, nolako Altza nahi duten irudikatzeko. Horregatik, Altzan 30 urte horietan egon diren eztabaida eta prozesu guztietan parte hartu dute.
Mintegiak lan handia egin zuen Pasaiak bere muga historikoak aldarrikatu zituenean, besteak beste. «Aurre egin genien, asmakuntza bat zen, eta erabiltzen zituzten datuak ez ziren benetakoak. Blog bat eduki genuen hainbat dokumenturekin, 2005etik 2009ra», dio Landak. Aldi berean, lanean aritu dira, urteetan, Donostiako barrutien gaia lantzen. Horrela, Altza historikoa osatzen duten lurralde guztiak barruti batean sartzea da euren nahia. «Odon Elorzaren garaian, auzoak banatu zituzten inolako errespeturik gabe, euren irizpideen arabera; arrazoi historikoak eta herritarren iritziak kontuan izan gabe, eta hori da indarrean dagoena. Oso gauza sinestezinak gertatzen dira! Herrera ez da existitzen, Harrobitxulo Intxaurrondo da, Arzak Ulian dago, La Asuncion Mirakruzen dago… Aurreko legegintzaldian, EH Bildu gobernuan zegoenean, sortu zen batzorde bat Altzako barrutia aztertzeko, eta guk gure lana egin genuen, eta horretan jarraitzen dugu».
Harria baserriko armarria
Mintegikoek gogoan dute zer izan zen egin zuten lehen gauzetako bat: «Harria baserriak su hartu zuen, eta hango armarria harrien artean geratu zen. Bizilagun batzuk elkartu, atera eta kultur etxean gorde genuen». Parkea egin arte egon zen Casaresen, eta gaur egun Harria parkean jarria dago armarria.
Taldeak forma juridikoa 1994an hartu zuen; autonomia osoa lortu zuten, eta orduan sortu zuten bazkideen figura. Ordura arte lagun talde gisa osatu zuten, eta nolabait Casaresen gerizpean zeudela diote. Izan ere, edozein eskaera egiteko, Donostiako Udalaren izenean egin behar zuten, juridikoki ez zirelako existitzen.
Bazkideak biltzeari utzi egin zioten, gero, kezka gehiago baitute lekukoa nori pasa ez dutelako. «Hausnarketa egin dugu elkartearen barruan. Lehen haztea genuen buruan, eta, orain, epe laburragoetan egiten dugu lan, pertsonen menpe daudelako eginbeharrak», dio Landak.
ARGITALPENAK
Asko eta asko izan dira 30 urteko historian mintegiak argitaratu dituen lanak. Altza hautsa kenduz liburu bildumako 12 zenbaki, Album Altzatarra argazki bildumak, egutegiak…
Altza hautsa kenduz bildumako lehenengo zenbakia 1988an argitaratu zuten. Oinarrizko dokumentu batzuk sartu zituzten han, Altzaren mugarritze agiria, esaterako. Altzatarrek egindako artikuluak bildu izan dituzte bertan: argazkiak, iritziak, literatura… 2013an argitaratu zuten azken zenbakia, aro bati bukaera emateko. Guztira, 200 artikulu jaso dituzte liburu horietan.
Album Altzatarra 2006an atera zuten lehenengoz, eta 2015ean egin dute laugarrena, IZBE Intxaurrondoko auzo elkartearekin batera. Hurrengoaren gaia ere erabakia dute: kirola Altzan.
1992an, muga historikoaren mapa argitaratu zuten. Horrek barneratzen ditu gaur egungo Martutene, Intxaurrondo eta Bidebieta, esaterako, eta horixe da beraien lan eremua.
2016ean, Mattin marrazkilariarekin elkarlanean, Altza denboraren joan-etorrian liburuxka kaleratu dute; gaztetxoengana Altzako historia hurbiltzeko. Salgai dute Altzako hainbat gunetan, 10 euroren truke: «Izaten duen arrakastaren arabera erabakiko dugu jarraipena eman edo ez», dio Landak. Entziklopedia bat osatzea ere buruan dute, aurrera begira.
GANBARA
Objektuekin bilduma bat ere osatua dute: Ganbara. Bereziki, etxeetako tresnak eta jatorri industrialekoak dira. Iritsi zirenean 350 objektu biltzera, gehiago ez garatzea erabaki zuten, ez zutelako non gorde. Orain, material gehiena biltegi batean dute, eta lokal bat lortu nahi dute, Foru Aldundiaren bidez. Tarteka ateratzen dituzte, antzezlan baterako atrezzo baterako eskatzen dietelako, esaterako.
Altza.net atarian ikusgai daude tresna guztiak, eta argitalpen bat prestatzea ere pentsatzen ari dira.
ALTZAKO TOKIKO BILDUMA
Casares kultur etxearen goiko bigarren solairuan, gela bat dute, eta, bertan, Altzako Tokiko Bilduma dute jasota. Bertan dituzte bildutako dokumentu guztiak. Hasieran bereziki argazkiak jasotzeari ekin zioten, «Altzako artxiboa Donostiako udaletxean zegoen garai hartan, zokoratua», diote mintegikoek. Gogoan dute 1987an argazki erakusketa handi bat osatu zutela. «Garai hartan Astigarragaren desanexioa izan zen, Lasarte ere udalerri bihurtu zen, eta guk ere egin genuen iritzi bilketa bat. Bi mahai inguru antolatu genituen, bat desanexionatutako herriekin, eta, bestea, politikariekin», oroitu du Landak.
INTERNET
Altza.info eta
Estibaus webguneak kudeatzen ditu historia mintegiak. Altza.info-n, tokiko bilduma dute jasota, duela zortzi urtetatik. Izan ere, urteak damakizkite dokumentuen digitalizazioan lanean: «90. hamarkadan hasi ginen gure materiala digitalizatzen,
Altza.info webgunearekin hasi aurretik», gogoratu du Alfarok.
Horrela, nahi duenak kontsulta ditzake Interneten bertan dokumentuak. Aldi berean, Casares kultur etxeko bilduma ere bisita dezake interesa duenak. Guztira, 16.000 dokumentu dituzte sailkatuak, eta horietatik 13.000 eskuragarri dituzte Interneteko atarian.
Estibaus, berriz, paperean argitaratu zuten, 1996tik 2009ra. Lau orrialdeko aldizkaritxo bat zen, eta urtean lau zenbaki argitaratzen zituzten. Ondoren, 2009an, Estibaus.info bloga sortu zuten, eta hasieran papera ere mantendu bazuten ere, gerora utzi egin zuten. Iaz, 30. urteurrenaren aitzakian, blogeko edukiekin papereko berezi bat atera zuten. Blogean, urtean, 35 sarrera inguru zabaltzen dituzte. Euren jardueren berri ematen dute, eta Altzari lotutako iritziak ere zabaltzen dituzte.
«Duela hogei urte ez zen hain ohikoa Internet, baina guk hasieratik apustua egitea erabaki genuen, pentsatzen genuelako gure helbururako oso baliagarriak izango zirela tresna horiek», azaldu du Alfarok. Horrela, lehen iristen ez ziren pertsonengana iristea lortu dutela diote. Gainera, sare sozialetara ere eman dute jauzia, eta Facebook eta Twitter kontuak ere badituzte.
Gogoan dute, gainera, bere garaian Altzako elkarteei euren webguneak sortzen irakatsi zietela. Kontua da, ordea, sortu bai, baina ez dutela eguneratua mantentzen.
JARDUERAK
Urtean zehar, hainbat jarduera antolatzen dituzte, kanpora begira. Natur Astearekin lotuta, esaterako, duela bost urtetatik Altza Natura egiten dute. Txangoak ere egiten dituzte, beste elkarte batzuekin kolaboratuz. Donostia Kulturaren +55 taldearekin irteerak egiten dituzte.