Dreadrive taldeko kideak. Argazkia: Tanttakun.
Festak ez du etenik. Gabonetako jai egunak gaur amaitu badira ere, oraindik bada festarako gogoa hirian. Izan ere, gaurtik hasi eta urtarrilaren 14a arte Gabonak ospatuko dituzte Etiopian. Hori dela eta,
Guardetxean festa berezia antolatu dute bihar, hilak 7, gaueko hamaiketatik aurrera. Hitzorduan parte hartuko dute, besteak beste, Dreadrive Sound Systemak Guardetxeko Soundseko lagunekin eta bertako lagunekin. Kolore eta erritmo alaiez jantziko dute biharko gaua.
2001ean sortu zuten Dreadrive taldea Diego Bello eta Ibon Castro gazteek. Garai hartan, Donostiako musika areto ezberdinetan ibili ziren saioak egiten, hala nola Ghetto Klub Le Bukowskin eta One Love Sessions Antiguako Kandela areto zaharrean.
Urtetik urtera, proiektua indartuz joan zen, eta Euskal Herriko txoko eta bazter ezberdinetan saioak egiten hasi ziren. 2003an, esaterako, Beleza Malandra ekoiztetxearekin elkarlanean, Bermeoko Aritzatxu Rock Free jaialdian parte hartu zuten lau utez jarraian. 2006an Dreadrive Muzik/Prod zigilu diskografikoa sortu zuten, eta A Lne Ark Muzin estudioan grabatu zituzten beren ekoizpenak. Handik bi urtera, 2008an, beren lehenengo lana kaleratu zuten, zeinetan Earl 16, Kenny Knots eta Inyakik hartu zuten parte. Estatuan UK Dub estiloa lantzen zuen lehenengo argitalpena izan zen.
2005etik aurrera, Dreadrive taldeak reggae-dub-uk doinu dantzagarriak erabiltzen ditu, eskaintzen dituzten saioetan.
Biharko gaueko emanaldiak dantzan jarri nahi ditu donostiarrak eta bisitariak. Gaualdi berezia izango da, ustekabez beterik, eta reggae doinuak lagungarriak izango dira hotzari aurre egiteko.
Antolatzaileek azaldu legez, ateak gaueko 22:00etan zabalduko dituzte, eta sarrera 3 euroan izango da. Halere, norbaitek lehenago bere sarrera eskuratu nahiko balu, Guardetxearekin harremanetan jarri beharko du. Doinu beltzen erritmoan dantza eginez, urte berriari ongi etorri beroa aukera polita izango da biharkoa.