Xabier Lopetegi: 'Oparia'
Xabier Lopetegi, kazetaria
Bizitza erdia baino gehiago Realaren bazkide daraman baten ahotik entzuna, duela egun batzuk: «Vila-realen aurkako partida inportantea da, baina are inportanteagoa Sevillaren aurkakoa. Hori bai lehia!».
Berehala esan nion ez nengoela ados, baina xuabe asko. Izan ere, Realak azken urteetan Espainiako Kopan izandako ibilbidea ikusita, ez da harritzekoa benetako zaleak, sufritzaile amorratu horrek, barneratuta edukitzea Kopa ez dela bere txapelketa. Zenbat muturreko, zenbat porrot negargarri arerio eskasen aurka, zenbat astegun zakarrontzira boteak, irratiari itsatsirik, edo Anoetan hotzak amorratzen.
Ez da harritzekoa esperientzia guzti horiek trauma sortzea. Eta traumek, normalean, ukaziora eta aitzakiak bilatzera eramaten dute. Klubak berak inkontzienteki bereganatu du jarrera hori, eta joera izan du pentsatzeko Kopa distrakzio garestia dela. Eta aizue, nik uler dezaket Ligan gorriak ikusten ari den taldeak, pentsatzea ez duela merezi energiak xahutzea eta benetako helburutik desbideratzea. Ikusi besterik ez dago Osasunak nola egin dion aurre Eibarren aurkako kanporaketari.
Realaren historia duen bezalako talde batek, ordea, sistematikoki Kopa baztertzea, apurtu beharreko inertzia kaltegarria da. Zorionez, badirudi behingoz ulertu dutela jokalariek, entrenatzaileak, eta zuzendaritzak. Ez naiz prestatzaile fisikoa, eta ez dakit zenbateko eragina izango duen, Sevillaren aurkako lehiari begira, asteazkenean Realak Vila-realen aurka zelai gainean dena eman izanak, atera dezakeen hamaikako onenarekin, gainera.
Seguru nago, ordea, jarraitzaile gehienek pentsatuko dutela, emaitzaz harago, merezi izan zuela. Merezi duela titulu bat lortzeko aukera anbizioz hartzea. Asko eskatu gabe, asko eman dezakeen lehiaketa dela Kopa, eta badela garaia final handi bat jokatzeko Realarentzat, edo behintzat, gerturatzea.
Eta noski, merezi zuen Anoetara gerturatzea, nire uste apalean, azken hamarkadetako Realarik onena ikusten ari garelako. Vila-real bezalako talde handi bat indargabetzea, oso gutxiren esku dago. Aurretik, Bartzelonarekin egin zuen. Goi mailako taldeen traza hartzen zaie txuri urdinei; bizpahiru pase azkarrekin gola sartzeko duten gaitasunean –ikusi lehen gola-, baloia erabiltzeko duten dotorezian, baloirik gabe, presio lanetan, laguntzetan, taktikoki erakusten duten orekan…
Errege bezperaren atarian, aurreratutako ustekabeko opari ederra izan zen. Pena, Vila-Realek ezerezetik ateratako gol puska. Baina maila honi eutsiz gero, hasi berri den 2017 honetan, egun asko izango dira urtarrilak 6 Real zaleentzat. Urte berri on!