Aurten ez da emango Urrezko Danborra

udalbatzarra-urrezko-danborra

Kazetari ugari bildu dira ez ohiko udalbatzarrean. (Argazkia: Lide Ferreira)

Premiazko udalbatzarrean Donostia Turismok proposatutako Hiritar Merezimenduaren Dominak eta Urrezko Danborra berretsi behar ziren gaur. Hiritar Merezimenduaren Dominetarako proposamenak babestu dituzte talde guztiek, baita zoriondu eta balioan jarri ere. Halere, Urrezko Danborraren inguruan botoa ematerakoan eztabaida piztu da.

Hasieran adostu dute bi sarien inguruan botoa emango zutela, eta alderdi bakoitza Urrezko Danborraren inguruan eman behar zuten botoa argudiatzen hasi da, PSE-EEren txanda iritsi den arte. Une horretan Ernesto Gascok azaldu du Angels Barcelo Donostia Turismorekin jarri dela harremanetan, eta proposamenak aurreko egunetan eragindako eztabaidaz jakitun, kontsentsurik ezean bere hautagaitza bertan behera uzteko eskatu duela. Hori dela eta, Gascok eskatu du ez bozkatzea Urrezko Danborraren proposamena.

Eneko Goia alkateak esan du alderdi bakoitzak botoa emango zuela, udalbatzarraren hasieran adostu duten bezala, eta berak ez zuela Gascok esandakoaren berri.

Urrezko Danborraren inguruan botoa ematean EH Bildu, Irabazi Donostia, EAJ eta PP abstenitu egin dira. PSE-EEk ez du eskua altxa botoa emateko, eta hori, teknikoki, abstentzioa da. Urrezko Danborra berresteko 14 boto behar ziren, eta beraz, aurten ez da Urrezko Danborra emango.

Premiazko udalbatzarra amaitu denean, Donostiako alkateak adierazpenak egin dute: “Emandako emaitzari dagokionean, eta EAJri dagokionean, koherentziak jokatu dugu. Ez genuen bat egiten proposamenarekin. Ez da erabaki gustukoa, Urrezko Danborra ez ematea. Pena da pertsona bat delako biktima zuzena – Angels Barcelo –. Etorkizunari begira, derrigorrezkoa zaigu gaia aztertzea, eta eztabaidari ekitea. Posible izango litzateke denboragatik beste hautagaitza bat proposatzea. Baina, nire ustez, hobe da aurten ez ematea, eta hurrengo baterako garaiz gogoeta sakonago bat egitea. Korrika eta presaka egitea ez zait egokiena iruditzen“.

Ez da hiritarren oniritzia lortu

Udalbatzarrean bertan, EAJko Miren Azkaratek esan du erabakiak egoera deseroso bat sortu duela, eta espero du aurrerago ez errepikatzea halakorik, denon konpromisoarekin. “Inork ez du Angels Barceloren profesionaltasuna zalantzan jartzen, baina egia da Urrezko Danborra Donostia ezagutzera emateagatik eta sustatzeagatik ematen dela. Hori hiritarrek ulertzen dute, eta ez dira bat etorri proposamenarekin. Horregatik, EAJk koherentzia mantenduko du eta Donostia Turismoko bileran izandako jarrera izango du. Ez dugu aurka egingo, baina abstenituko gara”.

Ernesto Gascok hartu du hitza PSE-EEn: “Angels Barcelok deitu du eskatuz kontsentzurik ezean, bere hautagaitza bertan behera uzteko. Hutsegiteak gertatu badira, nik barkamena eskatzen dut. Bide bat dugu aurretik horrelako polemika gehiagorik gertatu ez daitezen”.

Amaia Almirallek EH Bilduko bozeramaileak adierazi du hiritarrek zalantzan jarri dituztela Angels Barcelo proposatzearen arrazoiak: “Jendeak oso ongi daki zer den Urrezko Danborra, baina ez du ulertu hautagaitza. Sariaren erantzukizunean huts egin dute”. Hala, Hiritar Merezimenduaren Dominei eman die garrantzia Almirallek:  “Gera gaitezen gure herritarren balioekin, gera gaitezen berdintasuna, elkartasuna auzolana eta egoera zailetan aurrera egiteko gogoarekin”.

PPk, bere aldetik, saria polemikoa izan dela nabarmendu du, eta hautagaiaren lana ez du zalantzan jarri. “Halere, uste dugu donostiar guztiek aukeraketaren erabakiaren parte sentitu behar direla, eta ez dela hala gertatu. Ez da adostasunik egon”, esan du Miren Albisturrek.

Irabazi Donostiako Amaia Martinek esan du Urrezko Danborraren proposamenak hiritarrak harritu eta desilusionatu dituela: “Ez gara harritzen hiritarrek izan duten erantzunarekin. Donostiako saririk preziatuena izanik, gizartea ez du hautagaitzaren arrazoia ulertu, zer nolako harremana duen Angels Barcelok hiriarekin. Alicia Amatriain dantzariaren alde egin dugu guk, baina aitorpena ukatu diote”.

 

 

 

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend