Ana Mari Neira, Antiguako mendizale erretiratua. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Patxatxa Taldeak antiguatarren XXXVI. Topaketa antolatu du Antiguako jaien barnean. Aurtengoan, auzoko mendizale ohiak omentzeko hartu dute tartea, eta bazkari ederraz gozatu dute Baso-Etxea elkartean. Mendizale “mitiko” asko dituzte auzoan, Patxatxakoen esanetan: Patxi Irigoien, Carlos Martinez, Casimiro Bengoetxea, Ana Mari Neira, Escoli Gastesi, M. Carmen Solozabal…
Ana Mari Neirarekin egon da IRUTXULOKO HITZA: “Matia kalean jaioa naiz, Patxatxa izena zuen etxean. Luisen kongregaziokoak ziren orduan gizonezko mendizaleak; emakumeak Accion Catolicacoak ginen, eta haiekin hasi ginen”, oroitu du Neirak. Gaztetan, 17 urterekin, hasi zen mendian Neira, anaiarekin batera; datorren hilabetean, 87 urte beteko ditu: “Gaurko eguna zoragarria izan da, eta hunkitu egin naiz. Gurekin ibili ziren guztiekin gogoratu naiz, gauza ikaragarriak partekatu ditugu. Gazteei esango nieke mendizaletasuna sustatzeko, balore oso garrantzitsuak baititu”.