Bidehuts zigiluak Le Bukowskin ospatuko du hamargarren urtemuga
2007ko otsailaren 15ean Lisabo taldeak Ezlekuak diskoa aurkezteko kontzertua egin zuen Donostian, Egiako Gazteszenan, Pinbol-eko lagunekin batera. Bidehuts zigiluak gogora ekarri du aurten hamar urte beteko direla euren lehen erreferentzia kaleratu zutenetik.
Efemerideari heldu, eta ahalik eta gertuen ospatzen saiatu dira. Iragarri dute otsailaren 18an egingo dutela, Egiako Le Bukowskin. Datozen egunetan iragarriko dute afitxa, ordutegia eta beste informazio guztia.
Bidehutsek zigiluaren bidea ahalbidetu duten guztiei eskerrak eman dizkiete: “diskoak erosi duzutenoi, kontzertuetara etorri edo berauek antolatzen ibili zaretenoi, promo orriak idatzi dizkiguzutenoi, kazetariei… hainbat eta hainbati, eskerrik asko!”.