Hunkituta eta pozik jaso dute Hiritar Merezimenduaren Domina
1982an Jakintza ikastolan zeuden bosgarren mailako neskak eta Javier Hernaezek (Altzako parrokoa) jaso dituzte Hiritar Merezimenduaren Dominak.
Agintari eta politikari ugari bildu dira Donostiako Udalean. Danbor doinuek eman diote hasiera ekitaldiari eta Eneko Goia alkateak hartu du hitza ondoren: “Zirrara eta harrotasuna sentitzen ditugu, aurten hiritarrenganako gertutasuna eta nortasuna irudikatzen duten pertsona eta elkarteei emango diegulako domina”.
Jarraian dominako jaso duten norbanakoek eta elkarteek hartu dute hitza eta egindako lana azaltzen duen bideo bat jarri diote bakoitzari.
Javier Hernaez, Altzako parrokoa izan da domina jasotzen lehenengoa. Hunkituta hitz egin du, eta eskerrak emateko baliatu du dominak. Gogoan izan ditu, besteak beste, bere bizitzan zehar ezagutu dituen hainbat lagun. Bestalde, eskerrak eman dizkio Stop Desahucios elkarteari eta “egunero kostaldera iritsi nahian itsasoan hiltzen direnei”.
Aspanogiko lagunen txanda izan da jarraian. Bittor Andonegi, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteko (Aspanogi) presidenteak hartu du hitza. 20 urteko ibilbidean bidelagun izan dituzten guztiak eskertu nahi izan ditu: “Eskerrik asko Donostiako Ospitaleari, Aspanogiko familiari eta Donostiako Udalari”. Dominak aurrera jarraitzeko indarra eman diela azaldu du.
Uliako Gimnastikako lagunek ere jaso dute domina euren 100. urteurrenean, eta urte guzti horietan boluntario lanetan egon direnak izan dituzte gogoan: “Boluntariotza da domina guzti hauen atzean dagoen osagai nagusia; eta gure kasuan ere ez ginen garena izango boluntariotzarik gabe”.
Kemen elkarteko kideek azaldu dute ezustean harrapatu dituela dominak: “Ez genuen espero, eta ilusio berezia egiten digu saria Donostiako hiriak emateak”. Erakundeen laguntza eskertu dute, eta elbarrituei zein gainerakoei elkartean parte hartzeko deia luzatu diete”.
Azkenik, 1982an Jakintza Ikastolan zeuden bosgarren mailako neskak igo dira domina jasotzera. Haurtzarora elkarrekin bidaiatzea bezalakoa izan dela azaldu dute: “10 urte genituela danborradan jo nahi genuen, orduan ez ginen egiten ari ginenaz ohartzen”. Azaldu dute gaurko egunez hainbat haurrek Alderdi Ederrean bizi izan dutena bizi nahi zutela.
Ekitaldi berezia izan da aurtengoan. San Sebastian eguneko ohitura eten egingo da; izan ere, Urrezko Danborrik banatu ez denez, urtarrilaren 19an banatzen ziren Hiritar Merezimenduaren Dominak gaur banatu dituzte. Hala, Aspanogik, Kemenek, Uliako Gimnastikak,