1597an, donostiarrek izurrite beltza sufritu zuten. Egoera latza izan zen: 1.000 lagun hil ziren. Bizilagunek babesa eskatu zioten San Sebastiani. Izurritea baretu zenean, urtero urtarrilaren 20a ospatuko zutela zin egin zuten.
Sebastian santua. Izurriteei aurre egiteko ikurtzat du kristautasunak.
Inolako zaratarik egin gabe sartu zen munstro beltza Donostian XVI. mendearen amaieran. Argi zuen bere helburua: barneko gose basatia asetzea. Hirian garai hartan
6.000 lagun inguru bizi ziren, eta horietatik 700-800 pertsona irentsi zituen munstroak; Pasaian (orduan Donostiakoa zen), berriz, 300. Izurrite beltzak sarraskia eragin zuen orduko gizartean, eta askorentzako munduaren amaiera iristear zen gaitzarekin. Historian zehar izurrite asko sufritu zituzten arren, hura izan zen, behar bada, guztien artean basatiena.
Itsasoa zen Donostiako aterik garrantzitsuena. Pasaiko portutik mundu zabalera irekitzen zen hiria XVI. mendean. Hori izan zen, hain justu, munstro beltzak Donostiara sartzeko erabili zuen sarbidea. Izurrite beltza sakonean ikertu du Juan Antonio Azpiazuk. Esa enfermedad tan rara liburuan, zera dio: “Itsasontzietan, normalean, arratoiak egoten ziren, eta arkakusoak izaten zituzten.
Zomorroek arropara salto egin eta itsasgizonei kosk eginez zabaldu zuten izurritea;?oso gaitz kutsakorra zen”.
Aitaren batean iritsi zen Donostiara gaitza. Oso herri txikia zen garai hartan, eta higiene baldintzak nahiko kaskarrak ziren. Beraz, kutsadura azkar transmititzen zen etxe batetik bestera. “Gaixoek sukar handia izaten zuten, handiuneak ateratzen zitzaizkien gorputzean zehar, batez ere besoen azpietan eta hankartean. Gehienez bost egun irauten zuten bizirik gaitzarekin; orohar,?%80 hiltzen
zen”. Munstro beltzak garaiko gizartea astindu zuen. “
Emakume asko hil ziren. Maiz, emazteak ziren gaixoak sendatzen ibiltzen zirenak, eta, ondorioz, kutsatu egiten ziren”.
Salbuespeneko neurriak hartzen hasi ziren izurriteari aurre egiteko. “Zenbaitetan, kutsatutako bizilagunak etxe barruan lotzen zituzten, eta atea eta leihoak egur olekin isten zituzten; gehientan, gaixoaren senitartekoek ihes egiten zuten kutsatzeko beldur baitziren; egoera nahiko tristea zen”. Halere, salbuespenen bat edo beste egoten, eta senitartekoekin azken unera arte egoten zirenak ere baziren. “Lezoko neska batek amaren gorpua arrastaka eraman zuen baratzera lurperatzeko; bizilagunak aho bete hortz geratu ziren”. Azpiazuk azaldu bezala, beste kasu batzuetan usteltegi batean sartzen zituzten gaixoak bertan hil zitezen. Ostean, hobi komun batean sartu, karea bota eta erre egiten zituzten.
Munstroa jan eta jan ibiltzen zen garaiko Donostian, eta beti zen gose. Horregatik, hiriko harresiak ixtea erabaki zuten. “Portuan, esaterako, neurri gogorrak jarri zituzten, eta kanpotik etortzen ziren itsasgizonei azterketa sakonak egiten zizkieten, kutsatuak zeuden ala ez jakiteko”. Neurri zorrotzen eraginez, portura sartzea debekatzen zuten; ondorioz, gosea zabaldu zen. “Itsasoko garia deitzen zioten bizilagunek gariari, hots, kanpotik ekartzen zuten, eta hiriko ateak istean, gosea zabaldu zen. Izurriteak baino hildako gehiago eragin zituen”.
Erlijioak garrantzia handia zuen garai hartan. Horregatik, gaitza Jainkoaren zigorra zela pentsatzen zuten. Hala, Antiguako San Sebastian elizara jo zuten babes eske. Kristauen sinismenean, Sebastian eta San Roke ziren izurriteei aurre egiten zieten santuak. “Prozesioak egiten zituzten Kontxako hondartzan barrena, eta, behintzat, familia bakoitzeko kide batek joan beharra zuen”.
Gaitza desagertu zenean, bizilagunek Sebastian santuaren eguna, urtarrilaren 20a, betiko ospatuko zutela zin egin zuten.