Pausoa ematera ausartu ziren
Aldaketarik handienak oharkabean egiten direla esaten da maiz; eta halaxe, lagun arteko aldarrikapen txiki bat izan behar zuena aldaketa handi bilakatu zuten zenbait emakumek, Donostian, 80ko hamarkadan. Tradizioak emandako lekuarekin gustura ez, eta danborradan irten nahi zutela esateko ahotsa altxatu zuten. Horietako bi dira Arantza Barrenetxea (Parte Zaharra, 1959) eta Maribel Alberdi (Antigua, 1965).
Kresala elkarteko danborradan atera ziren lehen aldiz emakumeak 1981. urtean. Bertan barrilak joz irten zen urtarrilak 20 goizean Barrenetxea. Egun hotza suertatu zen, baina hotzik handiena zirrarak eragin ziola dio.
Lortu zuten emakumeek 81. urtean lehen aldiz San Sebastian egunez danborradan irtetea, baina aurretik lana ere egin behar izan zuten: “Guk bizitza elkartean egiten genuen. Lehen, orain bezala, zerrenda bat jartzen zen horman danborradan izena eman ahal izateko; neska koadrila batek izena ematea erabaki genuen”. Zeresana eman zuen neskak beraien izenak zerrendan idatzi izanak, eta gauzak ez zirela horrela egiten esan zieten zuzendaritzako kideek: “Nahi bagenuen antolatzeko eta beraiek hitz egiteko prest zeudela esan ziguten, eta beraz, antolatzen hasi ginen”, azaldu du Barrenetxeak.
Bidaiaren hasiera
Orduan hasi zuten abentura. Javier Sadarekin hitz egin zuten lehenengo, emakumeak danborradan ateratzeko oinarri historiko baten bila. “Hiru lagun elkartu ginen Garibai tabernan eta Sadak dena oso erraz jarri zigun; hark esandakoan oinarrituta idatzi bat egin eta zuzendaritzakoei eman genien”, azaldu du Barrenetxeak.
Haserreak haserre, neskak danborradan parte hartzea onartu zuten garaiko zuzendaritzako kideek: “Batzuk elkartetik joan ziren eta beste batzuei ez zitzaien ongi iruditu, baina guk gogo handia genuen eta bidearekin jarraitu genuen”.
Zailtasunak zailtasun, nahiko erraza izan zela uste du Barrenetxeak: “Bizitza elkartean egiten genuen, dantza taldean ibiltzen ginen. Gure mutilak, lagunak edo bikotekideak ere baziren, eta agian behartuta bada ere gure atzetik joan ziren”.
1981eko urtarrilaren 20an goizeko zazpietan atera ziren lehenengo aldiz emakumeak Kresala elkarteko danborradan. Barrenetxeak gogoan du irteera guztia jendez gainezka zegoela, eta txaloak oroitzen ditu: “Une hura benetan hunkigarria izan zen. Elkarteko sarrera goraino beteta zegoen, eta emakume mordo bat egon zen guri txaloka eta animoak ematen”. Egun hartako oroitzapen onak ditu Barrenetxeak, nahiz eta, aitortzen duen neskak danborradan ateratzeak iskanbila sortu zuela: “Gaztelubidekoek, esaterako, esan zuten gu ateratzen baginen beraiek ez zirela aterako; eta guk esan genien ez ateratzeko ez bazuten nahi. Azkenean guztiak atera ginen”. Hala ere, gogorarazi du lehenengo hamar urteetan atea ixten zietela Gaztelubide elkartetik pasatzerakoan.
Egindakoaz eta lortutakoaz harro dago Barrenetxea. “Une hartan koadrilako kontu bat bezala bizi izan nuen. Oso ondo pasatu genuen; telak erosi genituen eta arropak geuk egin genituen”.
1982an iritsi zen Kresal usaina Antiguara. Izan ere, Koro Egibar eta Txaro Martinez Kresalako jantziak jantzita sartu ziren Antiguako Gazte Danborradako ilaretan. Hala oroitzen du Alberdik. “Gure adineko jendea ibiltzen zen orduan gazte danborradako komisioan eta hitz egiteko prest zeudela esan ziguten, baina gauzak ondo egin behar zirela”. Hori dela eta, otsailean bertan elkartzen eta bilerak egiten hasi ziren.
“Otsailean Koro atxilotu zuten, baina hala ere, gu bilerak egiten hasi ginen. Gainera hasierako bilera horietan apaiza ere egoten zen”, azaldu du Alberdik. Izan ere, danborradako arropak elizarenak zirela esaten zuen apaizak. Ondoren batzar ireki bat egitea adostu zuten eta auzoko gazteak deitu zituzten: “Gazteei egiten zitzaien deia eta orduan emakumeok ere azaldu ginen”. Bilera ugari egin zituzten, eta Kresalako emakumeekin ere bildu ziren: “Kresalako emakumeak eredu izan ziren guretzat”. Hurrengo urtean irtetea adostu zuten eta prestaketa lanei ekin zieten.
“Telak erosi genituen eta Korok eta gainerako presoek egin zizkiguten gonak Madrilgo Yeserias espetxean”, azaldu du Alberdik. Gona horiek oraindik erabiltzen dituztela dio, eta balio berezi bat dutela. Arropak egin ahal izateko dirua ere behar zuten Antiguako neskek: “Bazegoen auzoan asteazkenetan ixten zuten taberna bat eta guk asteazkenero bazkariak ematen genituen dirua ateratzeko”. Lan asko egin zutela dioen arren, oso ondo pasatzen zutela gaineratu du: “Beti esaten da urte hartako aurrekontua emakumeok atera genuela aurrera”.
Urrian hasi ziren entseatzen; orain teniseko pistak dauden lekuan biltzen ziren. Gero San Sebastian eguneko data hurbildu ahala gizonekin batera entsegatzen hasi ziren: “Gauzak ondo egin nahi genituen eta lehenago hasi ginen entseatzen”.
Oroitzapen onak
1983ko urtarrilaren 20an atera ziren emakumeak lehen aldiz Antiguan, eta Alberdik oso oroitzapen onak ditu: «Ikusmira handia zegoen eta gehienek oso ondo hartu gintuzten; dena den, bazeuden batzuk jotzen ez genekiela ziotenak, baina gutxi batzuk ziren». Alberdi ere harro dago lortu dutenaz. “Momentu hartan ez nuen zerbait handia egiten ariko banintz bezala bizi, baina orain atzera begira konturatzen nahiz zein gauza garrantzitsua egin genuen”.
Atzera begira jarri eta pozik dago: “Bazegoen garai hartan gure adineko jendea gu danborradan ateratzearen aurka zegoena, eta orain beraien alabek danborradan jotzen dute. Hori da niretzat pozgarriena”. Oro har uste du nahiko bide erraza egin zutela; esaterako, Hondarribiko alardearekin alderatuta. Baina argi dute soilik gizonezkoena zen espazio bat hartzea lortu zutela: “Zuk badakizu zer den hori? lehen inork ez zuen pentsatzen emakumeak danborradan atera zitezkeenik”. Hala ere, alardearekin alderatuta beraien bidea erraza izan dela dio:?”Hondarribian egon izan naizenetan oso gaizki pasatu dut, oso gogorra da egiten dutena”.
Danborrada bizi dute
“San Sebastian eguna nire eguna bezala sentitzen dut”, azaldu du Barrenetxeak. Urte mordoa igaro zituen Kresalako danborradan irteten, baina ordutegia dela eta, orain beste danborrada batean irteten da. “Txikitatik bizi izan dut danborrada; Konstituzio plazan bizi nintzen eta umetan manta bat lepoan hartuta leihotik ikusten nituen bandera igoera eta jaitsiera”, azaldu du.
Harro dago bera izan zelako lehen emakumeetako bat:?”Nire bizitzan harro sentitzeko gauza gutxi egingo nituen, baina hori da bat”. Dena den, uste du beraiek izan ez baziren beste batzuk izango zirela: “Giroan nabari zen eta kasualitatez gu tokatu zitzaigun”.
Alberdik pasatu ditu 30 urteak, eta dagoeneko ezin da Antiguako Gazte Danborradan irten, hala ere, oraindik han du bihotza, eta baita bere seme-alabak ere: “Ni beti izango naiz Antiguako Gazte Danborradakoa”.
San Sebastian eguna beraien festa dela sentitzen dute biek:?”Geuk ere eman genion gure zatia festa honi, eta oso geure sentitzen dugu”.