Sansebastianak bertsoen doinuekin amaituko dira gaur arratsaldean
Donostiakultura.eus atarian. Ohi legez, Donostia Kulturako bazkideek %10eko beherapena izango dute sarreran. Astea amaitzeko hitzordu aproposa izango da.
Ordu batzuk gehiago iraungo du festak aurten. Izan ere, gaur, arratsaldeko 18:00etan, Antzoki Zaharrean, San Sebastianetako Bertso Jaialdia izango da, Donostia Kulturako Festa Sailak antolatuta. Saioan, Gipuzkoako txapeldun Beñat Gaztelumendi añorgatarra, Unai Iturriaga, Nerea Elustondo, Ipar Euskal Herriko txapeldun Sustrai Colina, Miren Amuriza eta Igor Elorza igoko dira oholtza gainera. Jaiei amaiera emateko modurik hoberena izango da.
Urte batetik bestera, donostiarren egun handia ospatzeko antolatzen diren jardueren zerrenda handitzen doa hirian. Aurten lehenengo aldiz, eta bide horretan aurrera jarraitzeko helburuarekin, bertso jaialdia antolatu dute. Modu horretan, bertsoek beren lekua izango dute festaren egitarauean.
Urtarrila bertsoaren hilabetea izaten zen Donostian. Azkeneko asteburuan Bertso Eguna antolatzen zen hirian, eta zale asko biltzen zen hitzorduan. Aurtengoan, ordea, ez da Bertso Eguna antolatuko, eta, horregatik, antolatzaileek azaldu legez, gaurko hitzorduak urtarrileko ekitaldiak utziko duen hutsunea betetzen saiatuko dira.
Sansebastianen itzalean
Saio berezia izango da. Antzoki Zaharreko oholtza gainera igoko diren bertsolari gazteen bertsoetan, San Sebastian egunak eta festak garrantzia berezia izango dute. Era berean, ez dira faltako egun boladan dauden bestelako gaiak botako dituzten bertsoak.
Antolakuntzak azaldu legez, aniztasuna irudikatu nahi izan dute saioan arituko diren bertsolariekin, hala, ikus entzuleek goi mailako saio batekin gozatzeko aukera izango dute. Gai jartzaile lanetan Saroi Jauregi ariko da.
Sarrerak dagoeneko salgai daude 12 euroan, eta bi lekutan eros daitezke: Antzoki Zaharreko leihatilan edo