Sara eta Izar etxera ekartzeko eskatu du espetxean ama izandako preso ohien talde batek
“Justiziagatik, printzipio etikoengatik eta haurraren osasunarentzat behar-beharrezkoa delako, Izar ospitaletik ateratzen denean, bere ama Sararekin batera Donostiara itzuli behar dela” aldarrikatu dute gaur goizean espetxean ama izan diren euskal preso politiko ohien talde batek. Modu horretan, elkartasuna adierazi nahi izan diete Intxaurrondoko Sara Majarenas presoari eta aitaren eraso larria sufritu zuen Izar haurrari. “Gu ere preso izan ginelako erasotu gaitu, eta ama garen heinean ere kolpatu gaitu gertakariak, hots, patriarkatuaren isla eta ondorio zuzena izan den eraso anker eta doilor honek”.
Izarrek oraindik Valentziako La Fe Ospitalean jarraitzen du, zainketa intentsiboetako unitatean. Poliki-poliki osatzen ari da, eta prozesu horretan amaren laguntza ezinbestekoa duela nabarmendu dute. “Medikuek eskatu diote kartzelari Sara Izarrengandik ahalik eta hurbilen egotea, hau da, haurrarenera eramateko eskatu dute, oso positiboki erantzuten baitu Sararen estimuluen aurrean”. Ildo berean, ospitaletik ateratzean, amaren aldamenean egon behar duela gailendu dute. “Izarren osatze fisiko zein psikologikoan ezinbesteko zutabe da Sara”.
Sarak duela bi urte eta erdi bete zituen zigorraren hiru laurdenak, Izarrek 5 hilabete zituenean, eta ordutik kalean egon behar zuela salatu dute. Martxoaren hasieran 3 urte beteko ditu Izarrek, eta, legearen arabera, ezingo da kartzelan egon amarekin. Horrenbestez, haurra amarekin batera Donostiara etortzeko aldarrikatu dute.
Ama izan kartzelan
Sara Majarenas eta Izar haurrari elkartasuna eta babesa eskatu dieten euskal preso politikoek ongi ezagutzen dute kartzeletako amek bizi duten egoera, izan ere, kartzelan zeudela izan ziren ama. “Ez dira gutxi izan espetxean jaio diren euskal haurrak, 40 guztira; azkenekoa, aurreko astean (une honetan lau haur daude kartzelan, eta denak Picassenten daude)”.
“Modulu hauetako bizimodua kartzelako bizimodu arruntaren oso antzekoa da; haurren premiak kontuz gero, gabezia asko dituzte”. Senitartekoen laguntzarekin, haurren premiak orekatzen saiatu ziren. “Haurrentzako momentu delikatu eta konplexuenak ez ziren urte horiek izan, amarengandik banatzen zituztenean baizik” azpimarratu dute. “Ama da haurrari lasaitasuna eskaintzen diona, sosegua, segurtasuna eta oreka; amaren faltak, antsietate handia eta ziurtasun eza eraikitzen dizkio“.
Halaber, zera adierazi dute: “Espetxetik ateratzen den haurraren eta kartzelan geratzen den amaren arteko banaketa zaila eta gogorra bada, zer esanik ez Izarrek bizi duen egoera batea“. Horregatik, Izar osatu eta ospitaleteik ateratzen denean, Sara aske geratzeko eskatu dute.
Elkarrizketa Berria telebistan
Araitz Zubimendi eta Maite Sagastume preso ohiak eta espetxean ama izandakoak kartzelan ama izatearen esperientziaren berri eman diote BERRIA TBri. Zubimendi eta Sagastume espetxeean ama izandako beste hainbat preso ohiekin batera Sara Majarenas aske uzteko eskatu du.