"Lau Behi omentzeko kontzertua izango da"
Otsailaren 5ean bere ibilbideko abestien errepasoa egingo du talde donostiarrak Viktoria Eugenia antzokian. Hamasei urteren ondoren, laukotea taula gainean ikusteko azken aukera izango da.
Kontzertua
LAU BEHI
Noiz. Otsailak 5, igandea 19:00etan.
Non. Viktoria Eugenia antzokian.
Sarrera. 15 euro, Donostia Kulturaren webgunean eta leihatilan.
Mikel Azpiroz; musikaria
90eko hamarkada erditik aurrera Lau Behi taldeak blues, rock zein power-pop doinuak euskaraz landu zituen. Mikel Azpiroz (Amara, 1971) izan zen bandaren ahotsa, Alberto Bosch, Txenan Calvo eta Juanra Etxaburuarekin batera. Laukoteak iaz atera zuen Onenak bilduma zuzenera eramango du azkeneko aldiz. Azpirozek eskaini dizkigu xehetasunak.
Agur esateko itzuli da Lau Behi taldea?
Duela hamasei urte bukatu genuen, ez da itzulera edo bukaera bat. Onenak diskoa argitaratu dugu gure ibilbidea eta kantuak berreskuratzeko. Oraindik irratian entzuten dira, baina katalogoz kanpo daude eta Interneten ere ezin dira topatu. Horrek pena ematen zigun, eta aitzakia ona iruditu zitzaigun kantu onenen bilduma egitea. Ondoren sortu zen zuzeneko bat eskaintzeko aukera, eta guretzat zein ikusleentzat ospakizun bat izatea nahi dugu.
Nola sortu zitzaizuen Viktoria Eugenian jotzeko aukera?
Donostia Kulturako Miguel Martini komentatu nion bilduma argitaratzeko asmoa genuela, eta berak proposatu zidan Viktoria Eugenian kontzertua eskaintzea. Taldearen izaera donostiarrarengatik leku aproposa zela esan zidan. Lau Behi omentzeko kontzertua izango da, eta lau kideak zuzenean batera ikusteko azken aukera.
Emanaldi berezia prestatu duzue otsailaren 5erako?
Hamazazpi kantu prestatu ditugu. Onenak bilduman hamalau abesti sartu ditugu, horietatik hamabi gure diskoetatik aukeratu ditugu eta bi berri grabatu genituen pasa den urtean. Horrela, eskaintza berezia osatu dugu: bilduma, bi abesti berri eta zuzenekoa. Kontzertuan disko osoa joko dugu, eta iraganean jotzen genituen beste kantu batzuk ere.
Nolakoa izan da lauak berriz ere elkartzea?
Oso polita. Nostalgiari beldur pixka bat nion, ez nuelako nahi sentsazioa ezberdina izatea. Lehen ondo moldatzen ginen, eta orain ere hala izatea nahi nuen.?Zorionez polita izan da berriz ere elkartzea, eta sentitzen genituen gauza on horiek berreskuratzea. Horrek bakarrik zentzua ematen dio kontzertuari.
‘Onenak’ diskoa osatzeko kantuak aukeratzea kosta zaizue?
Hasieratik bukaerara bildumak ildo bera jarraitzea nahi genuen. Estilo aldetik aniztasuna izan dugu proposamenean. Blues, rock, country, funk, … hori dena nahasten genuen. Abestiak era kronologikoan sartu ditugu, Positiboan eta Hogei urte kantu berriak izan ezik, lehena eta azkena hurrenez hurren.
Nolakoa izan da kantu berriak sortzea?
Bere garaian erabiltzen genuen modua berriro ere bizitzea izan da. Bakoitzaren izaerari esker, abestiak sortzeko era bat genuen. Horregatik, Lau Behiren zigilua dute bi kantu berriek. Hamasei urte pasa dira, baina gure zigiluak hor jarraitzen du.
94ko udan osatu zenuten taldea. Gogoan duzu hasiera?
Oso ondo gogoratzen dut. Injeniaritza ikasketen laugarren mailan nengoen eta ikasgai hainbat gainditu gabe utzi nituen. Udaran ikasi beharrean, denbora ateratzen nuen musikarentzako. 94ko uztailean maketa grabatu eta kontzertuak ematen hasi ginen. Udarako dena gainditu nuen eta Ingalaterrara joan nintzen Erasmus bekarekin. Eguberrietan etorri, kantuak entseatu eta lehen diskoa grabatu genuen azkar batean.
Blues Stop taldean ibili zineten aurretik. Abentura berrian, euskaraz abestea erabaki zenuten. Zergatik?
Batez ere, konposatzen ni ibiltzen nintzelako. Beharbada, orduan abesti horiek egiteko beharra nuen barruan, eta euskara zen nire hizkuntza. Panorama euskaldunean aberastasun puntua ekar zezakeela uste genuen.
Donostian zein harrera izan zenuten?
Izan genuen oihartzuna ez zen sekula ikaragarria izan. Baina Donostiako klub eta aretoetan ondo moldatzen ginen. Altxerri, Be Bop, Etxekalte, Bukowski edo La Gateran jo genuen, besteak beste. Harrera oso ona izaten genuen, batez ere, melomanoak zirenen partetik.
Maketa bat eta lau disko argitaratu zenituzten. Atzera begira jarrita utzitako ondarea zer iruditzen zaizu?
Onenak bilduma entzutean pentsatzen dut Lau Behiko kide ez banintz eta musika hori gustuko banu, ilusioa egingo lidakeela deskubritzeak. Ez da irratian etengabe entzuten dena, eta euskarazko musika aberasten duela uste dut.
Viktoria Eugeniako esperientzia bikaina izaten bada, beste kontzerturik eskainiko duzue?
Asmoa azkenekoa izatea da. Ezin da atea guztiz itxi, ezin delako jakin zer gertatuko den. Dena dela, nik ez dut nire burua frontman bezala ikusten. Piano jotzailea eta konposatzailea naiz, eta bide horretatik jarraituko dut.