Xabier Lopetegi: 'Welcome, Mr Clarkson!'
Xabier Lopetegi; Kazetaria
Erriberatik dator notizia. Tudelano futbol taldeak entrenatzaile berria du, John Clarkson eskoziarra. Ez pentsa talde nafarrak atzerrira begiratu duela, sosak sona handiko teknikari batengan gastatzeko. Clarkson bera da Tudelanoren atea jo duena, eta 150.000 euro ordaintzeko promesa egin duena, aulkian eseri eta jokalariak zuzentzearen truke. Ez da lehen aldiz, antza: gauza bera egin du azken urteetan Benissa, Crevillente edo Aviles bezalako talde apaletan.
Beharbada ez da hain albiste bitxia, futbolak hartu duen norabidea ikusita. Guretik gehiegi urrundu gabe, Alavesek ezagutu -eta pairatu- egin zuen entrenatzaile arima zuen aberats xelebrea, Dimitri Piterman. Karneta ez zuenez, Chuchi Cos laguntzailearena erabiltzen zuen. Erabakiak hartzen zituen batak, titulua jarri besteak. Berdegunean egoteko baimenik ez zuenez, utillero edo argazkilari -peto eta guzti- gisa akreditatzen zen.
Futbologia idazteko Interneten kuxkuxean ari nintzela, ikusi dut Espainiako Ligan egin eta desegiten duen ultraeskuindar aitortuak, Javier Tebasek, defenditu zuela Piterman, Alavesen utzitako zorraren kontura eduki zituen epaiketetan. Baita Lopera edo Ruiz Mateos bezalako morroiak ere. Zerbaitegatik esan ohi da errealitateak fikzioa gainditzen duela; txarrerako, gehienetan -Trump deika-.
Dragoi bola telesailaren lehen kapituluekin hazi ginen ‘zaharrunoetako’ askok, iltzatuta dugu PC Futbol izeneko bideojoko gogoangarri eta iraultzailea. Futbol taldeak kudeatzeko aukera ematen zuen, erabaki guztiak hartuz: sarreren eta abonuen prezioa, publizitatea, kontratuak, estadioko obrak, fitxaketak… gauzak txukun samar eginda, Merida edo Plasencia 2ºB mailan hartu eta Txapeldunen Ligara eraman zenezakeen.
Arrakastatsua izateaz gain, PC Futbol-ek etorkizuna iragarri zuela ere ikusi dugu denborarekin. Desberdintasun ñimiño batekin: orduan, 2.500 pezeta ordainduta, edonork egin zitzakeen entrenatzaile eta presidente lanak, jarraitzaile gizajoei inongo kalterik sortu gabe. Egun, ordea, milioika euro behar dituzu. Baldintza hori betez gero, hori bai, arazorik ez duzu izango muturra talde historiko batean sartu eta nahierara aritzeko, zure jostailua bailitzan, futbolaz tutik jakin beharrik gabe. Adibide faltarik ez dugu, Lehen Mailan bertan.
Reala bera atzerriko diru hotsak sorginduta egon zen duela zenbait urte. Txinako aireportuetako ‘duty free’-etan elastiko andana salduko zuelako hitz ederrek liluratuta. Iragana da, zorionez. Aspaldiko lehen itzulirik onena egin ondoren, bada baikortasunerako arrazoirik. Baloiarekin duen nagusitasuna aipatzen dute gehienek, baina defentsan erakusten ari den sendotasunari ematen diot meriturik handiena. Talde fidagarria ari da eraikitzen Eusebio. Hor dago hazten jarraitzeko gakoa.