Opus Lirica konpainiak 'Carmen’ opera eskainiko du Kursaalean otsailaren 10 eta 12an; Ekaitz Gonzalez Urretxu donostiarra da eszena zuzendaria, eta gustura dago entseguetako lanarekin.
Ekaitz Gonzalez Urretxu eszena zuzendaria, Kursaal atarian. (Argazkia: I. Esnaola)
Denboraldiko bigarren opera eramango du taula gainera Opus Lirica konpainia donostiarrak. Georges Bizeten
Carmen operaren bertsio gaurkotua eskainiko dute Kursaaleko Auditorioan, otsailaren 10 eta 12an. «Carmenen pertsonaia gaur egun ulertzeko moduan marraztu dugu», azpimarratu du Ekaitz Gonzalez Urretxu (Gros, 1986) eszena zuzendariak. Maria Jose Montiel mezzosoprano madrildar ospetsuak beteko du Carmenen rola.
Pasa den urtean jaso zuen opera zuzentzeko enkargua Gonzalezek. La Traviata obraren azken emanaldia eskaini baino hamar minutu lehenago proposatu zioten. «
Carmen opera egiteko asmoa dugu, eta eszenako zuzendaria zu izatea pentsatu dugu. Momentuan, hitzik gabe geratu nintzen. Ondo pentsatu eta astebetera deitu nien baiezkoa emateko». Orain arte erregidore eta zuzendari laguntzaile lanetan aritu da Opus Lirica konpainiarekin, eta lehen aldia da horrelako tamaina duen opera baten zuzendaritzaz arduratzen dela. «Zuzendariaren lana artistikoagoa da, eta ardura handiagoa».
1875ean estreinatu zenetik
Carmen opera dramatikoak bertsio asko izan ditu. Opera Lirica konpainiak ere berea egin du. «Bizeten obra berrirakurtzean konturatu ginen baduela izaera militar eta zibil bat normalean bigarren mailakotzat hartu izan dena. Bien artean sortzen den konfliktoa indartu nahi izan dugu», azaldu du Gonzalezek. Horrekin batera, duela 150 idatzi zen obra gaurkotzea erabaki dute: «
Carmen tabako fabrikako langilearen izaera askea gaur egunera ekarri dugu, bere maitasun istorioak eta tragedia mantenduta». Erakargarriagoa egiten saiatu dira.
Hilabeteetako lana
Opera baten prestaketak bere denbora behar du. «Duela hamaika hilabete hasi ginen Carmen obraren bertsioari forma ematen. Partituren gainean egin dugu lana, konpasez konpas», adierazi du Gonzalezek.
200 lagun inguru dira lan taldean, «ekoizpen profesionalen antzera». Opus Lirica Orkestra, Tempus Ensemble koroa, Easo Eskolania koroa, hamar bakarlariak, aktore eta dantzariak, eta bestelako profesionalak gogor ari dira emanaldiak prestatzen.
Zorroagako eliza dute topagune. Abenduaren erdialdetik bertan ari dira entseguak egiten. «Koroak izan ziren hasten lehenak, ondoren eszenako lanketari ekin genion. Azkenik, igandean hasi ginen bakarlariekin lanean, obra estreinatu baino astebete lehenago».
Esperientzia espero baino errazagoa ari da izaten Gonzalezentzat. Gustura dabil lan egiteko erritmoarekin: «Eszenak sortzeko plan bat dugu, baina jolasten ari gara. Gauza ezberdinak probatu eta funtzionatzen duten eszenekin aurrera goaz. Entseguetan gozatzen ari naiz lan taldearen maila oso ona delako».
Aurrekari moduan, eta opera jendeari hurbiltzeko, larunbatean Urgulletik Parte Zaharrera jaitsiko dira
Carmen operako 40 bat partaide. Kalez kale obrako pieza ezagunak abestu eta krabelinak banatuko dituzte, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Emanaldiak
‘CARMEN’
Noiz. Otsailak 10 ostirala, 20:00etan, eta otsailak 12 igandea, 19:00etan.
Non. Kursaal Auditorioa.
Sarrera. 71, 56, 46, 36 eta 12 euroan, eserlekuaren arabera. Kursaaleko leihatilan eta webgunean eros daitezke.