Etxadiko jaiak ospatuko dituzte aurten, lehen aldiz, Borroto kalean. Ostiral arratsaldean eta larunbat goizean kalea apainduko dute eta hainbat jarduera egingo dituzte.
Borroto kalean ospatuko dituzte Etxadiko festak. (Argazkia: Malen Aldalur)
Borroto kaleko jaiak egingo dituzte aurten lehenengo aldiz, eta datorren urteetan ohitura bihurtzea nahi dute. Donostiako Sustapenak emandako diru laguntza batek ahalbidetu die Etxadiko bizilagunei aurten aurrenekoz jaiak ospatzea.
Diru laguntzaren helburua, saltoki txikientzat zailagoak diren garaietan kaleko giroa animatu eta saltokiei laguntzea da. “Bizilagunek laguntza hau eskatzea pentsatu zuten, azkenean, jaiak antolatu ahal izateko. Auzo txikia da eta bertako saltokiek eta ostalariek ez dute jaiei aurre egiteko dirurik”, azaldu du Sol Busca antolatzaileetako batek. Laguntzari esker jaien %80 finantzatuko du udalak; gehienez 4.000 eurora arte.
Borroto kalean egingo dituzte jarduera guztiak: “Badakigu Donostian ez duela eguraldiak bereziki laguntzen; hori dela eta, Borroto kaleko arkupean egingo ditugu jarduera guztiak”.
Egitaraua bizilagunen, ostalarien eta saltoki txikien artean egin dute: “Jarduera guztiak irekiak izango dira baina batzuetarako izena eman behar da”.
Denek dute zer erakutsi
Ostiral arratsaldean eta larunbat goizean ospatuko dituzte festak. Horretarako, ostiral goizean Borroto kalea apainduko dute auzotarrek jaietan daudela nabaritu dezaten.
Jaiei hasiera emateko makillaje ikastaroa egingo dute Sarai Apropos Make Up-en eskutik: Bihurtu ezazu eguneko makillajea, gaueko makillaje. Jarduera honetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da aurrez izena ematea, izan ere, plazak mugatuak dira.
Ondoren, 18:00etan umeentzako mozorro lehiaketa egingo dute Perez-Mosso hortz klinikan. Gero, ipuin kontalaria egongo da umeentzat Lupe Lekuonarekin liburutegian; euskaraz lehenengo eta gaztelaniaz ondoren.
Makillaje ikastaroarekin jarraituz, 19:00etan Gauetako look-a: makillajea eta estiloa ikastaroa eskainiko dute Charo Casteres eta Aitziber Badiolak. Azkenik, egunarekin alai bukatzeko kontzertua egongo da 19:30etan Latitud 43 taldearen eskutik.
Larunbat goizean jarraituko du festak goizeko hamaiketan hasita. Familian egiteko plan polita eskainiko dute Perez-Mosso hortz klinikan;Perez sagutxoaren etxea. Ondoren, gaztetxoenek Marsel magoaz gozatu bitartean pintxopotea egiteko aukera egongo da Borroto kaleko tabernetan. Eguerdian, berriz, Gorka bakarlariak kontzertua eskainiko du.
Bestalde, bizilagunek argazkiak egin ahal izateko panel bat jarriko dute kalean ostiral arratsaldean eta larunbat goizean. Gainera, bertako artistek euren produktuak saltzeko aukera izango dute.
Honakoak dira jaiak antolatzen lagundu duten saltoki, taberna eta bestelakoak: Perez-Moson hortz klinika, Elfe josteko denda, Etxadi taberna, Borroto taberna, Kikara kafetegia, Ane liburutegia, Amaia Azkarate ile apaindegia eta BM super merkatua. Jaien parte direla adierazteko euren lokalak apainduko dituzte.
Jarraitzeko asmoz
Aurten aurreneko aldiz egingo dituzte festak, baina datozen urteetan ere jarraitu nahi dute. “Aurten diru laguntzari esker jarduera ugari antolatu ditugu bi egunez Borroto kalean eta aurrerantzean ere antolatu nahi ditugu”, azaldu dute. Dena den, Buscak azaldu du bizilagunek nahiago luketela festak ekainean izatea: “Normala den bezala nahiago dute ekainean egin jarduerak plazan egin ahal izateko eta jende gehiago bildu ahal izateko”. Hala ere, jarduerak otsailean egitea eskatzen du, eta momentuz, horrela egingo dute.
Borroto kalea ez da diru laguntza honi esker aurten festak ospatuko dituen leku bakarra. Besteak beste, Erdialdeko Legazpi kalean, Groseko Usandizaga kalean, Antiguako Matia kalean eta Bretxan ere egingo dute.
Etxadiko jaiak otsailean ospatuko badituzte ere Aieteko jaiak irailaren erdialdean egiten dituzte. Horrela, astebetez festa giroz betetzen dira Munto plaza, jolastoki eta auzoko beste hainbat gune.