Xabier Vazquez: 'Sasi eta zeru'
Xabier Vazquez; realzalea.
Astelehena. Iruñeko adiskideari eta bere bajerakoei sarrerak hartu dizkiezu eta Whatsapp-ari kea dario. «Entrenatzaile berriarekin hobetoxe gaude eta Anoetan ekingo diogu goranzko bueltari”. Itxaropenik ez zaie falta, ez horixe. «Osasuna nunca se rinde». Kamenik txalo egin omen zien aurrekoan. «Pena ematen duen gixajoari moduan» zirikatu duzu lagun gorritxoa.
Ostirala. Kenan Kodrok jokatuko omen du. Zure lagunaren esanetan korrika egiten ere ez dakien jokalaria. Zuk, aldiz, beldurrez hartu duzu. Ohiak arriskutsuak izaten dira (Oharra: futbolaz ari naiz). Horretaz gain, baduzue plana antolatua iganderako. Iruñekoak derby gogoz daude eta goizean parte zaharrean zintzurra busti eta gero Grosen bazkaltzea proposatu dute. Zuzenean bigarrenera joatea hobe.
Igande eguerdia. Azkenean orduta eta terdiak aldera Parte Zaharrean bertaratu zara gorritxoak artaldean Grosera gidatzeko. Gustura dira, hitzaren zentzu batean baino gehiagotan. Gogoa asebetetua dute, esperantzaz zein alkoholez. Halere, zure lagunak onartu dizu galdu egingo dutela. «Beraz, hobe orain ondo pasatzea, eta partida ondoren jaia jarraitzeko arrazoirik bada…askoz hobe».
Bazkaria. Hiruretan bildu zarete mahai inguruan. Elkarri adar joka ibili zarete. Egun zuk duzu trufa egiteko abagune gehien. Gogora ekarri duzu, ordea, Sadarren galdu eta bigarren mailarako bide bete-betean jarri ginenekoa. Azkenaldian txuri-urdin askori irakurri diozu egun hura mendekatzeko grina. Baina ezin duzu saihestu zure lagunei zorte ona opatzea. Halaber, nahiago izango dituzu, beti, besterik gabe, zu joan zaitezkeen eta zure lagunak etorri daitezkeen partiduak.
Atsedenaldia. Kodrok sartu behar, nola ez. Bazkaritik atera bezain laster eguraldia ikusi eta pentsatu duzu mesederik behintzat ez digula egingo. Eta hala ari da izaten. Horrela bukatuz gero, euriaz gain burla zaparrada ere jausiko zaizu gainean. Bilbotarren pare jardun duzu, harro-harro, eta orain apal-apal ateratzeko arriskuan zaude.
Bukaera. «Sasi guztien gainetik, zeru guztien azpitik, partida aurrera ateratzea lortu dugu», bota du esatariak. Esaldia entzun, Iruñeko lagunak daudenera begiratu eta burura «sasi artean zaudela, ze zaila den oinak altxatzea!». Zenbatetan ez ote duzu ezagutu urruneko begiei antzematen diezun etsipena. Ikusi gabe ere, hor dagoela dakizun begirada apaldua. Burumakur; zeru eta infernuak, norbera izorratu asmoz, elkar hartu dutelakoan. Haserrea nori leporatu ez, patua beste errudunik ez aurkitzea. «Sentitzen det, jambo. Gehiago merezi zenuten» mezua bidali eta bi ordu eman dizkiozu deitu aurretik.
Gu, aldiz, zeru partean gabiltza, airean ibiltzearen arintasunez. Erortzeko beldurra hor da, etengabeko ahalegina behar da goiari eusteko. Baina airean doanak haizea lagun eta zorte alde izan ohi du. Agirretxerenen zain, taldeak hegalak atera ditu, Europara eramango ahal gaituzte!