Pertsona bat etxetik bota nahi dutela eta beste baten eskubideak urratzen ari direla salatu du Etxe Kaleratzeak Stop plataformak
Etxe Kaleratzeak Stop plataformak elkarretaratzea egin du gaur Kutxabankek egoera prekarioan bizi den donostiar bat etxetik kaleratu nahi duela, eta beste baten hipoteka presioa arintzeari uko egin diola salatzeko.
Amaia eta Kontxi dira bi kaltetuak; biak bananduta daude, baliabide urriak dituzte, eta hiruna adin txikiko dituzte beraien kargu. Azaldu dute Bankuen Praktika Egokien Kodearen arabera, beren egoera prekarioagatik hipotekaren presioa arintzeko eskubidea dutela. Kutxabank kode hori betetzera behartua dago, eta ez da betetzen ari.
Kontxiren hipoteka presioa arintzeari uko egin dio Kutxabankek; Argudiatu du ez dituela beharrezko baldintzak betetzen. Amaiaren kasuan, Kutxabankek jada demanda sartu du Donostiako epaitegian etxea enkantean jarri eta etxea bereganatzeko. Amaiari ere Kontxiri bezala, hipotekaren presioa arintzeko “trabak” jartzen ari direla salatu dute.
Etxe Kaleratzeak Stop Plataformak adierazi du denbora igaro ahala, Amaiak hipoteka ordaintzeko arazoak eduki ditzakeela. Orduan, bankuak etxe kaleratzea gauzatzeko arrazoia lor dezake.