Lan garrantzitsua bete zuen Altzako Mario Corderok, duela 80 urte inguru; sorospen etxeko medikua izateaz gain, politikagintzan ere jardun zuen, Agirre lehendakariaren garaian.
Mario Cordero, goiko ilaran, erdian, betaurrekoekin; Altzako sorospen etxearen inaugurazioan. (Argazkia: Estibaus)
Altzako Historia Mintegiak ez dio lan egiteari uzten. Elkarteko kideek egiten dituzten lanen artean, tarteka, Altzari eta altzatarrei buruzko artikuluak argitaratzen dituzte, Estibaus izeneko webgunean. Duela gutxi, Mario Cordero Maldonadoren inguruan idatzi dute. Hain zuzen, historia mintegiko Iñigo Landa aritu da pertsonaiaren inguruan datuak bilatzen, eta, jakin duenagatik, garrantzitsua izan zen bai Altzan bai Euskal Herrian ere. Medikua, errepublikazalea eta Eusko Jaurlaritzako kidea ere izan zen, Jose Antonio Agirre lehendakariaren garaian: «Ez dugu ikerketa zehatzik egin; bilduta genuen informazioa antolatu eta argitara atera dugu. Artxiboan topatu genuen ezarri zioten zigorra, eta aurretik informazio gehiago genuenez, argitaratzea erabaki genuen».
Hain zuzen ere, 1941. urteko zigor epaia da Landak aipatzen duen hori. Bertan, 25.000 pezetako isunaz gain, hamabost urte deserriratzea ezarri zioten, Altzatik 250 kilometroko erradioan. Hori da Corderori buruz topatu duten daturik gertukoena denboran barrena. Hala bada, haren oroimena lau haizetara zabalduz, deserriratze hartatik itzularazi nahi izan dute altzatarra eta haren «konpromiso soziala eta politikoa nabarmendu».
Gainera, Landaren hitzetan, herritarrak hurbiltzea gertatu izan zaie, horrelako artikuluak zabaltzean, azaldutakoaz zerbait gehiago dakitela esanaz.
Frankistek errepresaliatua
Tokiko Bilduman dituzten dokumentuetatik abiatuz, badakite Cordero Herrerako Politena etxeko udal sorospen etxean sendagilea izan zela, Jose Elosegi etorbideko 125. zenbakian.
Sorospen etxea 1933. urtean zabaldu zuten, eta Cordero inaugurazioaren argazki batean topatu dute; erdi-erdian, gainontzeko mediku taldearekin, eta Altzako udal agintariekin batera. Etxearen fatxadan kartel bat ikus daiteke, eta, bertan, leku nabarmenean ageri da esaldi hau: Mario Cordero – medico de niños, partos y enfermedades infecciosas.
Garai hartan, Altza herria zen, eta Juan Iriarte zen orduko alkatea: «Gestora errepublikazale batek agintzen zuen, izan ere, 1933an bertan behera utzi zituzten hauteskundeen bitartez aukeratutakoak. Herrian gehienak elizkoiak eta abertzaleak ziren;?errepublikazaleak, berriz, laikoak ziren eta arlo soziala bultzatzen zuten. Horregatik jarri zuten Herrerako anbulatorio hori, eta ikusten da Cordero ere ildo horretatik zijoala», argitu du Landak. Gainera, beste argitalpen batean topatu duten datuaren arabera, mediku gisa oso soldata txikia jasotzen zuen, urtean 400 pezetakoa baino ez.
Urte batzuk aurrerago, 1936. urtean, frankisten kolpe militarraren aurrean, Errepublikaren aldeko defentsan aritu zen Cordero, Altzako Fronte Popularrean, osasun gaietarako komisario gisa.
Union Republicana alderdiko militantea ere izan zen, eta, alderdi horren baitan, Donostiako eta Gipuzkoako presidentea izatera heldu zen. 1936ko otsaileko hauteskundeetan, parte aktiboa izan zuen, eta Gipuzkoako Diputazio Probintzialean gestore izan zen. Horrela, bere gain hartu zituen propaganda eginkizunak, Donostian gerrak iraun zuen bi hilabeteetan.
Union Republicana alderdiaren Kontseilu Nagusiaren presidente izan zen, 1937ko martxoan, eta horrela iritsi zen Agirre lehendakariak gidatutako jaurlaritzaren parte izatera: «Alderdi guztien artean banatu zituzten sailak, eta osasunarena errepublikarren eskuetan utzi zuten». Hain justu, Alfredo Espinosak zuzendu zuen Osasun Saila, eta zuzendari nagusi gisa jarri zuten Cordero. Frankistek Alfredo Espinosa fusilatu zutenean, Cordero izan zen hura ordezkatzeko hautagaietako bat, baina, azkenean, beste bat izendatu zuten.
Frankistek errepresaliatutako zortzi altzatar egon zirela badakite mintegikoek, eta horien artean zegoela Cordero bera: «Jarri zituzten zigorren artean, Mario Corderorena izan zen gogorrena».