Donostiako lau elkartek bat egin dute epe luzerako proiektu bat osatzeko: ‘AtlaSS’; helburua da herritarrekin hiriko hegaztiak topatu, identifikatu eta horrekin liburu mardul bat egitea.
Kazkabeltz kumeak, Haritzaldek 2011n jarritako kabikutxa batean. (Argazkia: Haritzalde)
AtlaSS liburua osatzeko nahiarekin, proiektu bat abian jarri dute hiriko lau elkartek: Aranzadi Zientzia Elkartea, Ugatza Ornitologia Elkartea (Vasco de Camping), Cristina Enea Fundazioa, eta SEO Birdlife. Donostiako Udalaren babesa izan dute euren nahia egia bihurtzeko, eta lanean hasteko gogoz daude. Helburua argia da, Donostiako hegazti guztien atlasa osatzea, 2019rako.
Horrela bada, hirian hazten diren espezieen kopuru eta banaketa zehatza osatuko dute. Proiektua teknikoa izango da, adituek lan egingo baitute, baina, aldi berean, herritarren partehartzea bultzatuko dute. Horretarako, hitzaldiak eta txangoak antolatu dituzte, eta donostiarrek interesez erantzutea espero dute. Gainera, adituen arabera, ehun hegazti espezie baino gehiago sailkatuko dituzte Donostian, ziur, eta erronka oso interesgarritzat jotzen dute.
Lehen fasean, herritarren formakuntza eta sentsibilizazioa landuko dute, doako hainbat hitzaldirekin.
Bigarren fasean, erroldak osatuko dituzte: apirilaren 15a eta maiatzaren 15a artean; eta, berriz ere, maiatzaren 15a eta ekainaren 15a artean. Jarduera horretan parte hartuko dute hiriko elkarteetako ikerlariek, formakuntza saioetan parte hartu duten herritarrekin batera. Hala, hegazti espezie guztiak identifikatzea aurreikusten du protokoloak.
Hirugarren fasean, datuak bateratu eta idaztea izango da lana.
Juan Arizaga; Aranzadiko kidea. “Usoak, txolarreak eta txantxangorriak baino gehiago da Donostia”
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Nola azalduko zenuke proiektua?
Proiektua teknikoa da, oinarri zientifiko sendoa duelako, eta erabiliko dugun metodologia zorrotza delako. Aldi berean, ordea, herritar guztiei zabalik dago, hegaztitan aditua den jende asko dagoelako, eta haiek identifikatzeko gai delako. Orain, herritar zientzia deitzen zaio zientzia mota horri. Hau da, profesionalak ez direnek euren borondatez zientzia proiektutan parte hartzen dute. Kasu honetan, hegaztien inguruko atlasa izango da.
Hainbat elkartek bat egin duzue. Zein erantzun espero duzue herritarren aldetik?
Kontu berria denez, ez dakigu zer gertatuko den. Egia da elkartu garen elkarteek baditugula bazkideak, eta haiei deia egingo diegu proiektuan parte hartzeko. Hala ere, edonork parte har dezake, ez da beharrezkoa inongo bazkide izatea. Laster hasiko gara ikastaroekin, eta orduan ikusiko dugu zein den erantzuna. Espero dut boluntario talde nahikoa osatzea, atlaserako bete beharreko 200 kuadrikulak erroldatzeko.
Zein izango da zehazki ikastaroen helburua?
Jendea hezi dadila. Ikas dezatela espezieak identifikatzen, eta, horrela, errolda egiteko gai izan daitezela.
Ikastaroa bera izango da kultur etxe guztietan, kontua da hainbat lekutan emango dugula, nahi duen guztiak parte hartzeko aukera izan dezan.
Gainera, irteerak egingo dituzue.
Bai, noski. Azkenean, naturara joan beharra dago hegaztiak identifikatzen ikasteko. Espezie bakoitzak bere jokaera eta bere kantua du, eta ezagutzeko beraiek dauden lekura jo behar da.
Sentsibilizazioa aipatu duzue.
Bai, ideia da proiektua hiri guztian ezaguna izatea, eta donostiar guztiek jakin dezatela errolda bat egiten ari den talde bat dabilela. Kontxa eta erdialdeaz gain, begirada biratu behar da, eta nekazal guneetara begiratu; Uliara, adibidez. Donostiarrei esan nahi diegu hiri oso berde batean gaudela, habitat desberdin asko dituena: basoak, parkeak, labarrak, hirigunea… eta bertan, hegazti espezie ugari daude. Hegazti horiek ikusi eta identifikatu daitezke, eta gozatu dezakegu haiei begiratuz eta euren jokabidea ikusiz.
Ehun espezie baino gehiago identifikatzea espero duzue. Non, zehazki?
Ulia eta Igeldoko leku zehatz batzuk izango dira biodibertsitatearen gune gorenak. Hala ere, ezustekoak egon daitezkela uste dut; Egiako parkea bera, erdigunean dago, eta espezie asko daude bertan. Usoak, txolarreak eta txantxangorriak baino gehiago da Donostia. Belatzak, hontzak, basahontzak, etxetxinboak, txinbo kaskabeltzak, eta txoritxo txiki asko azalduko zaizkigu, seguru. Donostia hori ere baita.
Harro zaudete dagoeneko, ez delako ohikoa halako zerbait egitea hiri batean, ezta?
Bai, oso harro gaude. Batetik, lortu dugulako Donostia halako atlas batean aitzindaria izatea;?eta, bestetik, proiektuaren lidergotzan gauden elkarte guztiak batzea polita izan delako. Akordio on bat dugu, eta hiru urtetarako lan batek asko eskatuko du gu guztiongandik. Gogoz eta ilusioz hasiko gara, eta oso pozik gaude.
Aranzadik nola parte hartuko du konkretuki?
Aranzadiko nire sailak izan du proiektuaren ideia, ornitologia sailak. Orain, proiektuko elkarte bakoitzak ardura batzuk izango ditu, eta guk koordinazioa daramagu.
Azken emaitza atlasa izango da. Nolakoa izango da?
Espezie bakoitzarekin fitxa bat egingo dugu, non agertu den azalduz. Liburu potolo bat izango da, 200 orri ingurukoa, eta merke jarriko dugu salgai. Horretaz gain, informazio guztia jarriko du Cristina Enea Fundazioak webgune batean.