Xabier Lopetegi: 'Urrezko aroa'
Xabier Lopetegi, kazetaria.
Gozotik hasi du Ruben Pardok bere ibilbidea Betisen. Hasieratik jokatzen, eta zale eta kazetarien aldeko iritzia jasotzen. Zer pentsatua eman dit hura bezalako jokalari gazte batek Realean tokirik ez edukitzeak. Defentsan dituen gabeziak guztiz gainditu gabe jarraitzen badu ere, baditu errioxarrak berezi bihurtzen duten dohainak: antolatzaile petoaren dotorezia eta distirari lotutakoak, batez ere.
Pardoren bilakaera betidanik izan da eztabaida iturri Realean –egia esan, badugu, bazter honetan, ika-mikarako joera, gaia edozein dela ere–. Badira ‘Pardozale’ sutsu askoak, erdilaria hasierako hamaikakotik sartu eta irten ikustearekin amorratuta daudenak. Eta hauek, noski, gogor kritikatu dute kluba, haien harribitxi kutuna Andaluzia aldera joaten uzteagatik.
Nik, ordea, normaltasunez hartu dut erabakia, logikoa iruditzen zaidalako nahi adina aukera ez duen jokalariak beste leku batean bilatzea minutuak. Uste dudalako elastiko aldaketak lagunduko diola presioaren mamua uxatzen. Gazte-gaztetatik izar gisa saldu duten lerroburuen presioa, eta baita berak bere buruari jarritakoa ere, hori izaten baita askotan pisutsuena. Are gehiago, irakurketa baikorra egiten dut: Pardo Betisera joan izanak, erakusten du sekula baino maila handiagoa dagoela Realean eta, batez ere, urrezko aroa bizi duela gure harrobiak.
Gauzak asko sinplifikatuz, eta Zubietaz ari naizela, esango nuke hiru jokalari mota daudela: aldea ezartzen dutenak, edota izarrak; jenialtasunera iritsi gabe, izar horien arrimuan ezinbestekoak bihurtzen direnak; eta maila apalago batean, osagarri duinak. Lehen multzoan kokatuko nituzke Griezmann, Iñigo Martinez, Illarramendi eta Oiarzabal. Bigarrengoan, Prieto –aurrenekotik oso gertu–, Agirretxe, Zurutuza, Mikel Gonzalez eta Yuri –sekulako jauzia eman ondoren–; eta hirugarrengoan, berriz, Carlos Martinez, Zaldua, Markel, Elustondo, etabar luze bat.
Orientagarria da sailkapena. Bakoitzak edukiko du berea. Esan nahi dudana da nolabaiteko hiru profil horiek, ondo asko beteak dauzkala Realak, oso zaila delako belaunaldi berean hiru izar elkartzea, eta harrobiko jokalarien batez besteko maila egungoa bezain altua izatea. Atzetik atejoka datoz gehiago, lotsagabe; eskuin hegalean gauzak egonkortuta ziruditenean, ustekabean Odriozola agertu, eta estu hartu ditu Zaldua, Txarli eta Elustondo. Ezkerrean, berriz, Hector Granadara joatea erraztu du Kevinen agerpenak.
Pardoren kasuan, Granerok ‘kendu’ dio lekua, baina beste gazte baten itzala da benetan kezkatzen duena, eta bide batez klubari lasaitasuna eskaintzen diona: Zubeldiarena. Lehia bedeinkatua. Eragozpen bakarra? Atepean. Marka da hainbeste atezain, eta hain onak, eman dituen lurraldea antzu agertzea azken boladan. Rulli Manchester eta Real Madril losintxatzen hasia den honetan, ez dirudi Zubietan haren hutsunea berme guztiekin batetzeko hautagairik dagoenik. Dena ezin perfektua izan, aizue!