Markel Olanori elkarrizketarako deia egin diote plataformako bozeramaileek.
Komunikatua irakurri dute plataformako buru Joxe Mari Izetak eta Estitxu Fernandez kazetariak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
GuraSOS plataformak deitutako manifestazioak sekulako erantzun baikorra izan du. Izan ere, milaka lagun elkartu dira Donostiako kaleetan barrena, Zubietako erraustegiaren aurka protestatzeko.
Elkarrekin. Adostasuna besterik ez! lelopean, jendetza elkartu da, eta isiltasun osoz hasi eta bukatu dute ibilbidea, Artzain Onaren katedraletik Bulebarreraino.
Hain justu, Zubietako erraustegiaren lanak aste gutxiren buruan hastekoak dira, politikarien hitzetan. Hala ere, horrek ez ditu aurka dituen herritarrak etsitu, eta berriro ere ezetz esan diote errauste plantari.
Ibilbidearen bukaerara iritsi direnean, komunikatua irakurri dute GuraSOS plataformako buru Joxe Mari Izetak eta Estitxu Fernandez kazetariak: “Lortu arte ez dugu etsiko. Gaur hasi da adostasunerako atzera kontaketa; geroz eta gehiago gara gatazkari ez eta akordioari bai esaten diogunak”. Egoeraren larritasuna aipatu dute, eta politikarien jarreraz kexatu dira: “Erakundeek lehiakide gisa ikusten dituzte herritarrak, eta haien lana osatzeko gaude. Legea errespetatzen ez bada, ez dago demokraziarik. Zergatik ez duzue abian jarri partehartze prozesua?”. Horrela, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiari elkarrizketarako deia egin diote: “Markel Olano jauna, elkar gaitezen, bihar bertan, hitz egin dezagun. Ekin diezaiogun elkarrizketari eta adostasunaren bideari”.
Amaieran,
Txoriak txori abestu dute manifestari guztiek. Besoak gora altxa eta txaloka bukatu dute protesta.