Hamarna bat lagunek egin dute elkarretaratzea, Egiako epaitegiaren aurrean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Elkarretaratzea egin dute hamarnaka lagunek Egiako epaitegiaren aurrean. Hain zuzen, duela gutxi eman dute Espainiako monarkiako kideak nahastuak dauden Noos kasuaren ebazpenaren berri, eta horixe salatu dute. Donostiako Errepublikarrak taldeak egin du protesta, eta taldearen izenean hitz egin dute Irabazi Donostiako zinegotzi Amaia Martinek eta Ezker Anitzako parlamentari Jon Hernandezek.
Denentzako justizia berdina beharrezkoa dela dio Martinek: “Salatu nahi dugu zein ustela dagoen monarkia. 1978tik datorren erregimena da, eta ez du bermatzen eskubideak denentzako berdinak izatea. Oraingoan ere infanta eta monarkia garbi irten dira, eta horrek erakusten du sekula baino beharrezkoagoa dela hirugarren errepublika bat”.
“Larrialdizko protesta bat izan da. Monarkia ustela dago, sistema usteldu baten parte da, eta gainditu beharra dugu”, gehitu du Hernandezek.