Hiru ezagutza eremutan eskainiko du prestakuntza.
(Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)
Gipuzkoako Foru Aldundiak zine eskola zabalduko du Donostiako Tabakalera zentroan.
Proiektu pedagogikoak, hiru ezagutza eremu izango ditu: zine sorkuntza eta zuzendaritza, ekitaldi zinematografikoen kudeaketa eta planifikazioa, eta filmak artxibatzea, katalogatzea eta zaharberritzea. Herrialdeko zinemaren ekosistema aberastea du proiektuak, aurkezpenean Denis Itxaso Kultura diputatuak azpimarratu zuenez. Era berean, Tabakalerako zine eskolak harremana izango du egoitzan bertan dauden Euskadiko Filmategiarekin eta Donostiako Zinemaldiarekin.
Prestakuntza “profesionalagoa eta konplexuagoa” eta hezkuntza ez-arautua eskainiko ditu Tabakalerako zine eskolak. Oraindik zehaztu gabe dituzte ikasketa plana, eskolaldiaren iraupena eta ikasle zein irakasleen aukeraketa sistema. Horrela ere, zuzendaria hautatzeko deialdia aste honetan edo datorrenean argitaratzeko asmoa dutela azaldu zuen Itxasok.
Tabakalerako 0 solairuan izango du egoitza eskolak. 539 metro koadroko eremua hartuko du guztira, eta hiru gelatan banatuko da. Handienak 25 ikaslerentzako lekua izango du, eta beste biek hamabosna ikasle hartzeko modukoa. TGA estudioak gauzatu du proiektua, eta jada abian da lanak adjudikatzeko prozesua. Orotara,
285.750 euroko kostua (BEZa zenbatu gabe) izango dute lanek eta martxoan hasi nahi dituzte, abuztuan bukatzeko.
Lehen ikasleak datorren urtean hartuko lituzke eskolak. Urtero, 40 inguru izango lirateke. Nolanahi ere, urrirako baliteke zenbait ikastaro egiten hastea.
Gipuzkoan zinearen inguruan lanean ari diren beste eskola batzuen esparruak ez ditu ukituko. Esaterako, Donostiako Larretxene kultur etxeko ikastaroak. Izan ere, eskola berriaren asmoa lurraldeko eskaintza pedagogikoaren osagarri izatea da.