Asun Urbieta, Naiara Sampedro eta Amaia Martin mozioaren aurkezpenean (Argazkia: I.Esnaola)
Udal Gobernuari Lilatoiaren
ordutegia 11:00etan izatea eskatu diote, kontrol mozio bidez, EH Bildu eta Irabazi Donostia alderdiek. Udaleko Mugikortasun sailak azkenik lasterketa 10:30era atzeratu arren, ez dela nahikoa azpimarratu dute Naiara Sampedro EH Bilduko zinegotziak eta Amaia Martin Irabazi Donostiako zinegotzi eta bozeramaileak.
“Udalak milaka emakumeren parte hartzea ez duela erraztu nahi dirudi”, adierazi du Sampedrok. Horrekin batera, Asun Urbietak azpimarratu du ordutegiak bere zentzua duela, emakumeek lasterketan parte hartu aurretik, tamalez, familiarekin loturiko gauzak egin behar izaten dituztelako. Lasterketa ordu erdi bakarrik aurreratzeak irtenbidea erdibidean uzten duela adierazi du.
Pasa den urtean, Lilatoiaten hasiera ordua 11:00etatik 10:00etara aldatu zen, hiriko trafikoari kalterik ez eragiteko argudioa erabilita. Berdintasunaren aldeko Donostiako Emakumeen Kontseiluak kexa igorri zion Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Pilar Aranari, ordua mantendu zezan. Otsailean ere, Berdintasun Kontseiluko Lehendakariak, Donostiako Emakumeen Etxeak eta Plazandreok taldeak Lilaloita 11:00etan mantentzea eskatu zuten. Ordea, ez dute erantzunik jaso.
Mozioaren bidez, ordutegia jatorrizko orduan mantentzea erabaki dute ondorengo arrazoiengatik:
“Emakume askorentzat kirolean lehen urratsak egiteko erreferentzia izaten jarraituz eta berdintasun bidean ematen den festaren parte diren herritar guztion antolakuntzako erraztasunak bermatzeko”.