Osakidetzaren aurrean udalak beste jarrera bat hartzeko eskatu du?EH Bilduk.
Bretxako Arraindegi eraikineko osasun etxearen proiektua abiatu gabe dago. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Osasun etxeak herritarren zerbitzura jartzea ezinbestekoa dela azpimarratu du EH Bilduk. Hori dela eta, Aiete eta Parte Zaharreko osasun etxeen proiektuak aurrera eramateko eskatu dute. «Laster urtebete beteko da udalbatzak Aieteko osasun etxearen Plan Berezia onartu zuela. Ordea, Osakidetzak ez du ezer egin», azaldu du Josu Ruiz EH Bilduko zinegotziak.
Bretxako Arraindegi eraikinean egitekoa den osasun etxea ere zertan den galdegin du. «Kokapena gora behera, udan hastekoa zela esan ziguten, baina ez da abian jarri».
Irabazi Donostiak eta PP alderdiak bat egin dute eskaerarekin. Amaia Martin Irabaziko bozeramaileak bat egin du kezkarekin. «Bi osasun etxeen etorkizuna airean dago. Argi dagoena da auzo guztiei oinarrizko zerbitzuak eskaini behar zaizkiela». Miren Albistur popularren zinegotziak gaineratu du Osakidetzak «konpromiso falta» erakutsi duela bi proiektuen aurrean. Ildo beretik, Ruizek esan du Osakidetzaren aurrean Eneko Goia alkateak «donostiar guztien ordezkari bezala» jokatu behar duela.
Udala oso kritiko agertu da eskaerarekin. «Ez dugu demagogiarik onartzen. Lasai hartu dezagun, elkarrekin zintzo lan eginez. Alkatea Osakidetzarekin lanean ari da», azaldu du Miren Azkarate EAJko zinegotziak. Udal Gobernuaren lehentasuna donostiar guztien bizi kalitatea bermatzea dela gaineratu du. «Bi osasun etxeek egoera berezia bizi dute. Aietekoa exekuzio prozesuan dago Eusko Jaurlaritzaren partetik. Bretxakoa, aldiz, babesa duen eraikina izanik, prozesua motelago doa».
22 donostiar zigortuta
Donostiako eragile sozial eta politiko hainbati
Mozal legearen ondorioz jarritako isuna kritikatu dute Irabazi Donostiak eta EH Bilduk. Hori dela eta, legea indargabetzeko eskatu diote udalari. «Hainbat instituziok lege horren kontra jo dute. Esaterako, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, pasa den ekainean. Udalak ere hori egiteko eskatzen dugu», adierazi du Martinek.
Kartelak eta pankartak jarri, eta kalean zenbait protesta egiteagatik 22 donostiarri isuna jarri diete. «Udalak zigortuak babestu beharko lituzke, lege bidegabe baten ondorioz jaso dutelako isuna», azpimarratu du Amaia Almirall EH Bilduko bozeramaileak. Horrekin batera, donostiarren eskubide zibil eta politikoak errespetatzea eskatu diote udalari, eta instituzio publiko bezala, legea ez aplikatzeko.
Udal Gobernuko bi alderdiek
Mozal legearen kontrakotasuna agertu arren, udala legeak errespetatzeko dagoela adierazi du Azkaratek: «Udalak uztailean adierazi zuen legea ez duela onartzen, baina instituzioek legea bete behar dute gustatu ala ez. Legeak aldatzeko lan egin behar da». Almirallek esan du EH Bilduk begi onez ikusten duela udalak uztailean erakutsitako jarrera. Ordea, «ekintzetara pasatzeko unea» dela azpimarratu du. «Legearen aurretik joan behar dugu».
Kutxabanken bulegoa
Herrerako auzotarrek kexa agertu dute Kutxabankek auzoko bulegoa itxi duelako. Horren aurrean, EH Bilduk eta Irabazik eskatu dute udalak irtenbide bat bilatzeko. «Udala Kutxa Fundazioan dagoenez, alkateari eskatu genion Herrerako kasua aztertzeko», azaldu du Ruizek. Udala prest agertu da bizilagunei irtenbide bat emateko.
Irabazik bere aldetik, udalak bere eragiketak beste banketxe batekin egiteko eskatu du, baina ez du aldeko erantzunik jaso.