Haurrek 75 denboraldi daramatzate Kontxan futbol txapelketa jokatzen; nesken taldeek 90eko hamarkadan bakarrik zapaldu zuten hondarra, eta duela hiru urte aldatu zuten araudia, berriro ere mutilen pare aritu zitezen.
1951n Kontxan haurrek jokatutako partidetako bat. (Argazkia: Paco Mari/ Kutxateka)
Marea igotzen denean, ezinezkoa da Kontxan behar den bezala futbolean aritzea; beraz, inguruko zelaietara jo behar izaten dute haurrek itsasgorarekin, baloiari ostikoak ematera. Eskolarteko Futbol Txapelketaz ari gara, hondartza eta berdeguneak txandakatzen dituenaz. Aurten, 75. denboraldia du, eta parekidetasunean iritsi da. 1990eko hamarkadan, nesken taldeek ere jokatu zuten hondar gainean, baina gerora, berriro mutilen kontua bakarrik bihurtu zen. Azkenean, duela hiru urte aldatu zuten araudia, neska zein mutilek elkarrekin joka zezaten. Horrela, goi mailako futbolarien harrobia izan da txapelketa; bertan aritutakoak dira Realeko jokalari Xabi Prieto eta Maialen Zelaia, besteak beste.
«Duela urte batzuk, eskaera jaso genuen neskek ere hondartzan jokatzeko. Bilera egin genuen ikastetxeetako ordezkariekin, eta haiek erabaki zuten neskek futbol zelaietan jokatzea, kalitatezko lekua zelako», azaldu dio Donostia Kirolako Jose Ignazio Mallainak Irutxuloko Hitzari. Mallainaren hitzetan, Eskola Kirolean, mutilen partidak antolatzea «erraza» da, ia denek egiten dutelako futbola, eta beste kirol bat. Nesken artean, berriz, futbola ez da arrakasta gehien duena, saskibaloira edo hockeyra jotzen baitute gehiago. Edonola, 2014an, guraso talde batek Arartekoarengana jo zuen kexatzera, neskek ere hondartzan ikusgarritasuna lortu behar zutela argudiatuz. Horrela, 2014-2015 denboraldian, adostasunera iritsi ziren alderdi guztiak, eta egutegi berak ezarri zituzten nesken eta mutilen taldeentzat.
Lehiaketa bi zatitan banatu zuten, ikasmailaren arabera, eta ez sexuaren arabera. Horrela, lehenengo bosgarren mailakoek jokatzen dute, urritik urtarrilera, eta, ondoren, seigarren mailakoen txanda izaten da: «Larunbat goizetan izaten dira partidak, eta hiru ordu dauzkate jokatzeko. Hamabost zelai daudenez, 45 partida joka daitezke egun bakoitzean; hala, 90 talderentzako tokia dago». Beraz, itsasgora dagoen asteburuetan, denak aritzen dira futbol zelaietan, hondartzako jardunaldiekin txandakatuz.
2016-2017 denboraldian, bosgarren mailakoen artean, mutilen 44 talde eta nesken bederatzi aritu dira. Seigarren mailakoak otsailaren 11n hasi dira txapelketarekin, eta, bertan, mutilen 43 eta nesken 21 talde dabiltza. Horien artean, aldiz, badaude neska-mutilek osatutako talde gutxi batzuk ere; eta mutilen multzoan sartzen dituzte.
Aldaketa gutxi baina garrantzitsuak izan ditu txapelketak, 1942tik, ikus daitekeen moduan. Zelaietako marrak, adibidez, era tradizionalean marrazten jarraitzen dute, eskuz mugitzen duten tresna txiki batekin, eta etxeko taldeak izaten du ardura. Horretaz gain, ateak ere denen artean jarri eta kentzen dituzte, norgehiagokak hasi eta bukatzean. Orain, gainera, sexu arteko parekidetasuna ere bermatua dute, eta hala jarraitzeko asmoa dute.