"Bakarlariak arreta berezia behar duela uste dut"
Peru Olaberriak eta biok ilusioz egiten dugun urteko plana da. Pixkanaka neurria hartzen goazela esango nuke; aurten inoiz baina lehenago lotu baititugu artistak. Bidea egiten ari den ez dakit, baina egia da datorren igandeko hitzordurako espektatiba gehiago sortu direla. Hainbat auzotarrek aurtengo jaialdiari buruz galderak egin dizkidate kalean nengoela. Ea zein egunetan den, ze ordutan hasi behar den, zein artistak jo behar duen aurrena…
Esango nuke aurreko jaialdietara entzule bezala etorri direnek badiotela sinpatia puntu bat egun honi, eta baita bertan parte hartu duten artistek ere. Gutxienez zerbait ondo egiten ari garen seinale… Halere, Ez dut uste aparteko ezer egiten dugunik. Protagonismoa bakarlariarengan jartzen dugu, besterik ez.
Bakarlarien sorkuntzak zabaltzeko gune apropos bat sortzeko asmoz hasi zineten jaialdia egiten. Bakarlari batentzat konplikatuagoa da jotzeko leku egoki bat topatzea? Oro har zailtasun gehiago dituzte?
Zailtasunak oso ospetsua ez den talde edo bakarlari guztiek dituzte, baina egia da bakarka taularatzen den sortzaile batek baldintza konkretuagoak behar dituela, eta hauek ziurtatzea zaila dela izen ospetsuen fokotik kanpo. Bakarlariak arreta behar duela uste dut: oholtzan beste musikariekin ez duen interakzio hori oholtzatik kanpo bilatzen du, eta entzuleak erantzuten ez badu, oso zaila egiten da kontzertu bati aurre egitea. Askotan komodin bezala jasotzen dituzte jotzeko proposamenak. Talde oso batek baino gutxiago kobratzen duenez eta infraestruktura aldetik erraza denez honen muntaketa, edozein ekitaldi motetan aritzeko eskaintzak dituzte, askotan, baldintza konkretu horiek bermatuak ez direnean. Antolatzaileak edozer gauza antolatzen duen momentutik, edozein artistarekin harremanetan jartzen den momentutik, harekin konpromiso bat du, eta haren eskaintzara, haren mundura egokitu behar da.
Jaialdira gonbidatzen dituzuen bakarlariei erronkak jartzea gustuko duzue. Iazkoan, adibidez, Miren Narbaiza lehen aldiz aritu zen bakarlari gisa.
Hala da. Saiatzen gara entzuleari ere gauza berriak eskaintzen. Aurreko urtean Miren Narbaizaren emanaldia izan zen. Aurten, Gartxot Unsain ikusiko dugu aurrenekoz bakarrik jotzen, ziur aski oso freskoa izango den emanaldi batean, ahots eta kitarra efektuekin jolasean. Bakoitzak gauza ezberdinak eskainiko dizkigu. Estilo aldetik arratsalde pasa oso anitza izango dela uste dut, entzuleari arreta eta interesa piztuta mantentzeko lagungarri izango zaiona. Nahia Zubeldia ere aspaldi ez dela bakarka igo agertoki gainera, eta Lumi taldean oinarri duen musika elektroniko hori gabe ikustea berezia izango da, bere ahots leuna lehen plano argiago batean jarriz. Raitx-en kasua hunkigarria dela iruditzen zait. Oholtza batera aurrenekoz igoko da, horrek artista batentzat suposatzen duen inflexio puntuarekin. Pettik bere ahotsa eta gitarrarekin soberan ezaguna duen dohaina erakutsiko digu, blues eta folk tankera duten bere kantu intimistenetatik basatienetara bidaiatuko dugu… Egia esan aurten ere pozik gaude ondu dugun kartelarekin!