Amaia Portugal: 'Ez zarete gu'
Ez ditut kontraesanak maite, eta deseroso nago neure burua horrelakoetan katramilatuta harrapatzen dudanean. Hala ere, koherentzia eta futbola bateragarri egiteko ahaleginetan amore eman nuen aspaldi, eta erabaki nuen hura izango zela nire salbuespentxoa. Zirrikitua utzi nion futbolari.
Egiari zor, ez da futbola: Reala da. Atotxaz ditudan lehen oroitzapenetan ez baitut apenas baloirik ikusten. Jendea dago; hankak eta hankak ez besterik, inguruan duen guztiari gora begiratu behar dion neskatoaren ikuspuntutik.
Ondo edo gaizki jokatzea zer den, txukun lotutako jokaldi baten edertasunari tamaina hartzen… Futbola ikusiz ikasten da. Baina txuri-urdinez jantzitako talde hark eragiten zuen zirrara, igande arratsalde batean hainbeste lagun erakartzeko zuen ahalmena… Neskato honek ez zuen ezer ulertu behar, ez zuen ulertzeko ahaleginik egin ere. Olatuarekin bat egin zuen, eta kito. Gaur arte.
Reala jendearekin identifikatzen baitut nik. Zerbaiten parte izatea. Kolektiboaren indarra. Gu. Bai, galtzen dugunean ere bai.
Ikusiz ikasten da futbola, bai eta guaren kapitalizatzaile abilak antzematen ere. Azkar igaro da denbora, eta oharkabean, nire burua oztopo lasterketa gainditzeko lanetan ikusten dut orain, Anoetara noan bakoitzean. Gero eta tarte handiagoa hartzen duten telebistako kamioien eta saltxitxazaleen ilara luzeen (doan!) artean, zirrikitu bila.
Nire plastikozko aulki izoztuan eseri naiz azkenean. Hotzak akabatzen, berriz ere partida iluntzean jarri digutelako, negu gorrian. Digute. Haiek. Tebas, vete ya. Hala ere, hor segitzen dugu. Gu izaten jarraitzen dugulako. Harrobiaz harro egoteko moduan gaudela gogorarazten diogu geure buruari. Zulora erori ginenean alde egin ez zuen kapitainak elastikoan duen ezkutuari gogor helduz ospatzen dituela golak. Eta gori-gori dagoen iltzeari atxikita berotzen gara pixka bat, negu gorrian gauez jarri diguten partidan.
Baina kontu korrontean agertu berri zaidan kargua ez dator Madrildik. Ez digute haiek egin. Zuek egin diguzue. Arrakala zabalduz doa gure eta zuen artean. Zuek ere, guaren kapitalizatzaile. Gure lepotik eraiki duzuen mundu hau gizartearen ispilu hutsa baita: xantaia emozionala truke baliotzat hartuta, aberatsek gero eta gehiago aberastu nahi duzue, ondoan nor duzuen (gu!) begiratu gabe. Zuek ere haiek baitzarete.
Ez ditut nire kontraesanak maite. Erortzen segiko dut, zorioneko gu honen parte izatera kondenatuta bainago. Baina gaur ez. Gaur zirrikitua itxi dut. Bueltan doakizue zuek, eta ez beste inork, egin didazuen kargua. Gora gu eta gutarrak.