IV. Foro Soziala egingo dute Donostian, martxoaren 10ean. ‘Arrazoi politikoengatik preso edo ihesian dauden pertsonen gizarteratzea erraztea’ da Euskal Herriko hizlariekin landuko duten gaia.
(Argazkia: I. Esnaola)
Agus Hernan; Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzailea.
Donostiako IV. Foro Soziala Ibaetako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako Fakultatean izango da, martxoaren 10ean (16:00). Agus Hernan (Irun, 1962) Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzailearen arabera, azken hiru urteen errepasoa egin, eta erronka berriak definitzeko garaia da.
Hiru urte pasa dira lehen Foro Sozialetik. Zein aurrerapauso eman dira?
Guk lau ardatzetan egiten dugu lan: armagabetzea, preso eta iheslarien etxeratzea, bizikidetza eta memoria, eta giza eskubideak. Gure ustez, aurrera gehien egin duen ardatza bizikidetzarena da. Batez ere, herri mailan, esperientziak onak izan direlako. Aurreko legegintzaldian Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuten ponentziak ez du ezer aurreratu. Baina, esan bezala, herri mailan izandako esperientziak onak biderkatzen doaz, eta hori ona da.
Ordea, blokeoak bere horretan segitzen duela adierazi duzue.
Nabariak dira arloz arlo dauden blokeoak. Adibidez, preso eta iheslarien kasua. Horri buruzkoa da martxoaren 10erako antolatu dugun Foro Soziala. Oso zaila izan da dispertsioarekin amaitzea, gaixotasun larria duten presoen kasu bakoitzari konponbidea bilatzea, eta oro har, kasu garrantzitsu eta mingarriekin lan egitea. Zer esanik ez horren inguruko adostasun politiko eta instituzionala. Gizarteak behin eta berriro adierazi du pausoak eman nahi dituela armagabetzearen edo bizikidetzaren inguruan.
Blokeoak gainditzea du helburu, beraz, Foro Sozialak?
Hori da, arlo horretan dago gure helburua. Foro Sozialaren xedea bide orri bat proposatu eta adostea da. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Ipar Euskal Herriko komunitate berriarekin. Bestetik, preso eta iheslarien kolektiboarekin eta gizarte zibilarekin.
Azken batean, Foro Sozialarekin lortu nahi duguna ondokoa da. Armagabetzearen inguruan egin dugun prozesua eta lan diskretua adibide bezala hartzen badugu, antzeko lan bat egin nahi dugu. Armagabetzeari dagokionez, ikusten duguna da baldintza sozial eta politiko definitiboak daudela mahai gainean aurten gaiari bultzada definitiboa emateko. Esperientzia on horren gainean eraiki nahi genuke adostasun politikoa, instituzioen, kolektiboen eta gizarte zibilaren artean. Bide orri definitibo eta argia diseinatu nahi dugu.
Jorratuko dituzuen gaien artean, iheslari eta deportatuen egoera dago. Zertan da horien errealitatea?
Egia da azken hiru urtean, iheslarien eta deportatuen kasuan aurrerapausoak eman direla. Zehazki, iheslariek bide orri propioa diseinatu zuten, eta 300 inguru itzuli ziren. Kopuru esanguratsua da. Dena dela, iheslarien eta deportatuen egoeraz ez dugu berri askorik izaten. Horien hurbilekoek dakite zein den bakoitzaren errealitatea. Bestalde, preso eta iheslariak, beste prozesuetan bezala, bakearen agente aktiboak bihurtzea nahi genuke.
Espainiako eta Frantziako legediak aztertuko dituzue Foro Sozialean.
Foro Sozialak egindako gomendioei erantzunez, hainbat erabaki eman ziren. 2013ko abenduaren 28an presoek adierazpen garrantzitsua egin zuten. Geroztik urratsik ez da egin, eta horrek agerian uzten du blokeo egoeran dagoela. Gure ustez presoek dute hitza, eta gustatuko litzaiguke erabaki irmoak hartzea, gaurko legediak eta sistemak ematen dituen aukera guztiak kontuan izanda. Preso guztiak ahalik eta azkarren etxeratzea da helburua.
Bake Bideak esan du «armagabetzea bake prozesuaren zerbitzura» jarri nahi duela. Gai horrek lekua izango du Foroan?
Guk konponbide integrala defendatzen dugu. Horrek ez du esan nahi gai guztiak mahai gainean landu behar direnik. Bakoitzak bere erritmoa izango du. Baina emaitzak integrala izan beharko du. Oso garrantzitsua da guretzat bizikidetzak oinarri sendoak izatea.
Egitaraua
16:00. Irekiera.
16:10. Foro Sozialaren helburuak, Nazario Oleaga eta Nekane Alzelairen bidez
16:20. Aietetik hona gertatutakoaren errepasoa jasotzen duen bideoa.
16:30. Legediaren erradiografia eta salbuspeneko neurriak mahai ingurua, Iñigo Iruin, Laura Pego eta Rafa Sainz de Rozas hizlariekin. Moderatzailea, Teresa Toda.
17:30. Eztabaida.
18:15. Sare-k egindako lanaren balantzea (Idoia Ibero), Etxeratek egindako lana (Patrizia Belez) eta Herriko plataformen lana (Garbiñe Alkiza eta Ixiar Beloki, Sara Izarrekin Etxera).
18:30. Agente guztien artean adostutako bideo orri bat sortzea mahai ingurua, Joseba Azkarraga, Jule Goikoetxea eta Xantiana Cachenaut hizlariekin. Moderatzailea: Olatz Prat.
19:30. Eztabaida.