Bertso Derbia datorren ostiralean izango da
Mariana Martinezek egin du Bertso Derbirako irudia, Usandizagako Diseinu Grafiko Zikloko ikasleak: “Norberak bere koloreak bihotzean daramatzagu, eta bihotzak markatzen du erritmoa”. Horrela, elektrokardiograma da horren irudi; marra urdin eta gorri gorabeheratsuekin, etenik gabeak eta aldakorrak.
Aurreko urteetan bezala, gonbidapen bidez lortu beharko dira sarrerak, Donostia Kulturaren edo Realaren eskutik.
Donostian izango da aurtengo Bertso Derbia, aste honetan bertan. Zehazki, martxoaren 10ean egingo dute bertso saio berezia, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. Realaren eta Athleticen gizonezkoen taldeek datorren igandean jokatuko dute euskal derbia, 11:00etan, Anoetan; eta, urtero legez, partidaren harira antolatu dute saioa. Aurten, sei bertsolari hauek ariko dira nor baino nor: Realaren taldean, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Maddalen Arzallus; eta, Athletic-en izenean, Igor Elortza, Arrate Illaro eta Jon Maia. Mikel Labaka izango da gai-jartzailea; Realeko jokalari ohia, eta, gaur egun, Eusebio Sacristanen talde teknikoko partaidea.
Real Sociedad Fundazioak antolatu du saioa, Athletic Club Fundazioaren, Usandizaga Institutuaren eta Donostia Kulturaren laguntzarekin.